Joan den larunbatean jokatu zuten, Aiako Andatza auzoan, Aiako Mendi Duatloiaren laugarren edizioa. Euskal Herriko Txapelketa ere jokoan zegoen bertan, eta maila haundiko partehartzea izan zuen probak. Gainera, baldintza gogorretan aritu ziren denak, bai korrika eta bai bizikletan: oso lokaztuta zegoen ibilbidea, eta nabarmen zaildu zien lana partehartzaileei.
Bertan izan ziren Mattin Sanzberro eta Mikel Artola hernaniarrak, eta nahiko paretsu aritu ziren biak, proba osoan zehar. Azkarrago abiatu zen Sanzberro korrikako sektorean (6,21 kilometro), baina aurrea hartu zion Artolak, eta lehenago iritsi zen trantsizio gunera. Bizikleta hartutatakoan, berriz, biziago ibili zen Sanzberro. Elkarrekin bukatu zuten aurreneko itzulia, baina ihes egin zuen ondoren, eta 1:55:22 denboran bukatu zuen proba, 25garren postuan. Bi minutu pasatxora helmugaratu zen Artola, 29garren (1:57:39). Adin tarteei dagokienean, Sanzberro zortzigarren izan zen 25 urtetik beherakoetan; eta Artola, berriz, laugarren 35 urtetik gorakoetan.
Unai Mateos bizkaitarra (1:35:11) izan zen onena gizonezkoen proban, Eneko Gurrutxaga amasarrarekin (1:35:47) eta Adrià Noguera kataluniarrarekin (1:36:09) lehia estuan. Emakumezkoetan, berriz, nagusitasunez irabazi zuen Maddi Olaetxea usurbildarrak (2:08:15), Nekane Pradera arabarraren (2:26:55) eta Ainhoa Marquinez idiazabaldarraren (2:32:04) aurretik.
Errelebo proban, berriz, garaile izan ziren Jon Morillo korrika eta Haimar Etxeberria bizikletan (1:30:02); bigarren Dani Iparragirre eta Koldo Herrera (1:31:02), eta hirugarren Aritz Segurola eta Alex Gaztañeta (1:35:02).
Guztira 53 lagunek hartu zuten bakarkakoan, eta 31 bikotek errelebo proban.