Hernaniko gazteentzako aholkularitza psikologiko zerbitzua berrikuntzekin jarriko da martxan ikasturte honetan. Izan ere, azaroaren 7tik aurrera, astero emango du zerbitzua. Ostegunetan, 18:00etatik 21:00etara artatuko ditu Gazteria sailaren bulegoan (Aristizabal 7, behea) Jone Murua psikologoak aholkularitza psikologikoa behar duten Hernaniko gazteak, dohainik.
Aurreko ikasturtean jarri zen martxan gazteentzako aholkularitza psikologikoa. Zerbitzuak izan duen erantzunak Udaleko Gazteria saila egitasmoarekin jarraitzera eta hobekuntzak egitera animatu dute.
Bi astean behingo zerbitzua izatetik, asteroko zerbitzua izatera pasatuko da Aholkularitza Psikologikoa. Ostegunero, hiru gazte artatuko ditu aholkularitza zerbitzuko psikologoak. 16 eta 30 urte arteko gazteek izango dute zerbitzua erabiltzeko aukera. Gehienez, gazte bakoitzak bost saio egiteko aukera izango du.
Aholkularitza psikologiko zerbitzua jasotzeko, txanda hartzea derrigorrezkoa izango da.
Horretarako, gazteaholkularitza@hernani.eus-era idatzi edo 747 487 343 telefonora deitu beharko da.