Euria goien behean aritu bazen ere, segalariak lan fina egin zuten larunbatean, Jauregi jatetxeko belardian. Gizonezkoetan, Bavariarrek irabazi zuten bi herrialdeen sega desafioa, eta emakumezkoetan Izadi Arrospide gailendu zen.
Emakumeak lehiatu ziren aurrena, eta erronka 100 metro karratu azkarren eta txukunen ebakitzea zen. Momentu batean, parez pare izan ziren Izadi Arrospide leaburuarra eta Maide Garmendia zaldibitarra, baina azkenean, leaburuarra gailendu zen. Arrospidek 5:48,26ko denboran amaitu zuen, eta Garmendiak, berriz, 6:12,50ko denbora. Veronika Abfalter ere ez zen urruti ibili, 7:02,56ko denboran amaitu zuen.
Gizonezkoetan, Johannes Egger eta Johann Wolfgruber kirolari Bavariarrak irabazi zuten desafioa, 40 minututan 3201kg belar pilatu zituzten; eta Amaiur Arrospide eta Josu Mendizabal bikote euskaldunak, berriz, 3137kg pilatu zituen. Erronka, 40 minutuetan belar kilo gehien lortzea izan zen.
Lehia gogorra bezain polita izan zen, eta euriak atsedenik eman ez bazuen ere, kirolariek izugarrizko sasoia erakutsi zuten, zeinak ikusleen urduritasuna eta garraxiak haunditu zituen.