'Bertso Bira' egitasmoa adineko egoitzetara, hilabete amaieratik

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 27a, 00:00

Guztira 30 saio egingo dira eta Unai Agirrek, Jexux Mari Irazuk, Eli Pagolak eta Beñat Gaztelumendik parte hartuko dute

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk, lurraldeko adinekoen egoitzekin lankidetzan, Bertso Bira kultur ekimenaren edizio berria antolatu dute; urriaren 28an izango da aurreneko saioa. Lehen Adin-adin izenarekin ezaguna zen proiektu honek bederatzigarren edizioa beteko du aurten. Udazken honetan, guztira 30 saio egingo dira Gipuzkoako 24 udalerritako egoitzetan, bertakoek egoiliarrei bat-bateko bertsoez gozatzeko aukera eskainiz. Saio bakoitzean, eskualde bereko eta belaunaldi ezberdinetako bi bertsolarik hartuko dute parte; 34 bertsolarik, guztira.

 

Hernanin, azaroaren 13an, Eli Pagola eta Beñat Gaztelumendi

Horien artean izango dira Paulo Ttikitta bertso eskolako Unai Agirre, Jexux Mari Irazu, Eli Pagola eta Beñat Gaztelumendi. Unai Agirrek azaroaren 7an eta 12an abestuko du Elizaran eta Laumourous egoitzetan, hurrenez hurren. Jexux Mari Irazu, urriaren 29an, Donostiako Izar egoitzan arituko da eta, Eli Pagolak eta Beñat Gaztelumendik bikote osatuko dute azaroaren 5ean Lezoko eguneko zentroan eta Hernaniko Sandiusterriko egoitzan, azaroaren 13an, goizeko 11:00etan.

Saio bakoitzaren aurretik, egoitzetako animazio eta dinamizazio-langileek egoitzetako egoiliarrekin egiten dute lan, bertso zaharrei eta abesti herrikoiei dagokienez dituzten lehentasunak ezagutzeko, eta horrela, bertsolarien parte-hartze aktiboa sustatzen da, parte-hartzaileen eta artisten arteko lotura indartzen duena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!