Gaur hasiko da Kixkal tabernan Hernaniko Xake Txapelketa

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 27a, 00:00

Parte hartu nahi duenak gaur 16:00ak baino lehen egon beharko dute tabernan.

Gaur hasiko da Hernaniko Xake Txapelketa herrikoia. Abenduaren 1era bitartean, igandero jokatuko da arratsaldeko 16:00etan Kixkal tabernan. Astean zehar ere jokatu daiteke jokalariak ados jarriz gero. Parte hartu nahi dutenak gaur 16:00ak baino lehen egon beharko dute Kixkal tabernan. 

685 369 952 telefono zenbakian edo xakekiskal@gmail.com helbide elektronikoan informazio gehiago lortu daiteke eta bertan ere izena eman daiteke. 

Joko sistema suitzarra erabiliko da (maila berekoek, puntu berberak dituztenek, elkarren artean jokatuko dute) finalerdiak jokatuko dituzten lau jokalariak erabakitzeko.

Guztira bost jardunaldi jokatuko dira, bost partida, urriak 27, azaroak 3, 10, 17 eta 24an. Finalak abenduak 1ean jokatuko dira. Haurren xake txapelketa azkarra ere jokatzeko intentzioa dago egun horretan. 

Beraz, xakelariek gustora hartzen duten urteroko zita astera doa gaur Kixkalen.

 

Jokalari bakoitzak ordubete izango du partida jokatzeko

Esan bezala, bi jokalariak ados jarriz gero, astean zehar jokatzeko aukera izango dute eta iganderako antolatzaileei emaitza jakinarazi xakekiskal@gmail.com helbide elektronikoan edota 685 369 952 telefonoan.

Atseden egun bat hartzeko aukera izango da: aurreko astean (igandea baino lehen) eskatu beharko da eta puntu erdia jasoko da jokatu gabe. Azken bi jardunaldietan ezingo da atsedenik hartu. 

Sariak egongo dira lehenengoentzat, herriko onenentzat eta baita adinaren arabera onenentzat. 5 euro ordainduko dira lehenengo egunean; izena eta telefono zenbakia/helbide elektronikoa eman beharko dira (langabetuek, ikasleek, 18 urtetik beherakoek eta 65etik gorakoek, doan).

 

Pasa den urtean Julian Romerok irabazi zuen

Pasa den urtean arrakastatsua izan zen Hernaniko Xake Txapelketa. Julian Romerok jantzi zuen txapela. Hernaniarren arteko finalean, Jon Altuna 'Oxan' menderatu zuen Romerok. Txapelketako ligaxkan ere, beraiek izan ziren bi onenak.

Finalera sailkatzeko, txapeldunak Miguel Angel Hernandez 'Xerpa' menderatu zuen, semifinal luzean. Oxanek Ibon Ramosi irabazi zion beste finalerdian. Hirugarren posturako partidan, Xerpa izan zen nagusi, eta laugarren postuan bukatu du Ramosek. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!