Etxebizitza politikan eragitea bada Hernaniko Udalaren lehentasunetako bat. Besteak beste, «alokairua sustatzea da» bere xedea, eta berriki hartu duen erabaki bat norabide horretan hartutako beste hainbat neurriren jarraipena da. Izan ere, Udalak onartu berri du Hernanin hutsik duten etxebizitza Bizigune programara bideratzen duten etxejabeek %99ko hobaria jasoko dutela Ondasun Higiezinen gaineko Zergan 2025ean. Iraileko udalbatzarrak 2025eko ordenantza fiskalak onartzerakoan hartu zuen erabaki hau.
Bizigune Alokabideren programa bat da, etxebizitza alokairu babestuak merkaturatzeko. Programaren helburua jenderik gabeko etxebizitzei erabilera soziala ematea da, Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan izena emanda dauden pertsona eta familiei sarbidea erraztuz.
«Udalak bere jabetzako 54 etxebizitza ditu. Horiek guztiak alokairu erregimenean esleitzen ditu: 36 udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Alokabideren artean kudeatzen dira, eta gainerako 18ak Hernaniko Udaleko Zerbitzu Sozialek. Datu hauek ere Hernaniko Udalak alokairuarekin duen konpromisoa erakusten dute».
Alokairurako laguntzetara bideratutakoa %57 haunditu da hiru urtean
Hernaniko Udalak 2014. urtean herriko gazteen egoera aztertzeko egindako prozesu parte- hartzailean ondorioztatu zuen ezinbestekoa zela gazteei alokairurako erraztasunak ematea. 2015eko Udal aurrekontuan parte hartzeko prozesuan herritarrek alokairua ordaintzeko dirulaguntzak ematea proposatu zuten, eta Udalak bere gain hartu zuen neurri hori. Hala, Udalaren Etxebizitza sailak bi laguntza mota ematen ditu alokairua ordaintzeko: 18 eta 35 urte bitarteko gazteei, batetik; eta 36 urtetik gorako herritarrei, bestetik. Laguntzen kopurua haundituz joan da Udala urtez urte, eta, esate baterako, 2021etik 2024ra %57 haunditu du horretarako diru partida: 133.000 eurotik (2021) 210.000 eurora. 2022an 100 eskaera jaso ziren, eta 2023an 91, horietako %80 inguru onartuak izan ziren, baldintzak bete zituztelako. 2023ko deialdian gazteen eskaera kopurua pixka bat jaitsi zen (behar berari erantzuten dion Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun dirulaguntza dela medio) eta helduei dagokionez, eskaera kopurua igo egin zen, aurreko urteetako tendentziarekin jarraituz.
Udalaren helburuetako bat da Hernani etxebizitza eremu tentsionatu izendatzea. Horretarako lehen urratsa egin du: etxebizitzaren egoeraren diagnostikoa burutu du. Orain,
bigarren pausoa ematear da, hau da, hiru urterako ekintza plana onartzea. Gune tentsionatu izendapena lortzeko egin beharreko ezinbesteko tramiteak dira.
Zerbitzu Sozialetako
dirulaguntzak
Udalaren Zerbitzu Sozialek ere ematen dituzte etxebizitza alokairua eta errenta ordaintzeko dirulaguntzak. Diru partida horiek ere handitu dira azken hiru urteotan (%15, 168.637 eurotik 195.245 eurora) eta dirulaguntza eskaerak ere gora doaz urterik urte. Zerbitzu Sozialetako arduradunek diotenez, alokairurako dirulaguntzak jasotzeko eskaerak jaitsi egin dira, eta zorrak eta hipoteka ordaintzekoak, berriz, igo. «Garbi dago, beharra izanda ere, alokairurako dirulaguntza eskatzeko eskubidea izateko kontratua derrigorrezkoa izateak eragina daukala horretan». Etxebizitza diagnostikoaren ondorioak bat zetozen aipatutako horrekin. Izan ere, azken bi urteotan nabarmen egin du behera Hernaniko alokairu libreko fidantzen gordailu kopuruak.
Beste joera kezkagarri bat ere erakusten dute datu horiek; hots, alokairu prezioen garestitze nabarmena. Hernanin, 2016tik 2023ra %22,3 igo da alokairu errenta, 595,9 eurotik 728,9 eurora.
Horrekin loturik, aipatzekoak dira Hernaniko Udalak oinarrizko premietarako eskaintzen dituen bakarkako dirulaguntzak, izan ere, inguruko udal gutxik dituzte halakoak. 173.000 euroko funts propio bat du, sei hilabeteko erroldatzea baino eskatzen ez duena, eta, besteak beste, alokairuetako fidantzak ordaintzen laguntzeko erabili izan dena. Kasu honetan ere, esan bezala, jaitsi egin da azken urteotako eskaera kopurua. Eta horretan ere alokairu kontratua derrigorrezkoa izateak eragina duela uste dute udal teknikariek.
Alokairu sozialerako dirulaguntza kopurua handitzen joan da urterik urte, gero eta herritar gehiagok eskatzen duelako, baina eskaintzen den gehieneko dirua ez da kasik aldatu, eta horrek zailtasun handiak eragin dizkie hainbat herritarri, alokairuen prezioak nabarmen garestitu direlako. Horrez gain, alokairua ordaintzen duten eta dirulaguntzetarako eskubiderik ez duten herritarren kopurua ere hazi egin da, kontraturik ez dutelako, infraetxeetan daudelako...
Zailtasun horiei guztiei aurre egiten laguntzeko ere errolda soziala eskaintzen du Udalak, egoera zaurgarrian direnek eskubideak lor ditzaten. Alokairuko etxea lortzeko higiezinek, etxejabeek eta abarrek jarritako baldintzak zailak dira, eta, horren ondorioz, araututako dirulaguntzarako sarbiderik ez dutenak aipatzea komeni da.
Gaiaren inguruko konplexutasun hori dena ikusita, kontua da, Udalak ahal dituen tresna eta baliabide guztiak jarrita ere, gainerako estamentuen ardura ere beharrezkoa dela egiturazko arazo honi aurre egiteko, bestela nekez lortuko baita etxebizitza eskubide gisa aintzat hartu eta aplikatzea. k