Gaur egun emakumezkoen talde ugari dauzka CD Hernanik, infantil mailatik hasi eta Euskal Ligara iritsi arte. Egungo egoerara ailegatzeko, ordea, 1997an erein zuten lehenengo hazia. Ikastola giroan futbolera jolastetik Hernaniko klubean jokatzera pasa ziren herriko zenbait gazte, eta hasierako bide horri buruz hitz egiteko elkartu dira Arantxa Jauregi, Eneritz Salillas, Iñigo Clemente eta Itxaso Etxabe. Lehenengo urte haietan taldeko partaide izan ziren laurak, eta ilusio haundiz gogoratu dituzte duela 27 urteko kontuak.
«Langile Ikastolako Ina irakasleak Txapi Ormaetxeari eta bioi proposatu zigun bertako talde bat entrenatzeko, eta ikusi genuen jokalariek bazutela interesa eta maila futbol talde bat sortzeko», hasi da Clemente. 1996an Hernaniko ikastetxeen arteko txapelketan neskatila ugarik hartu zuten parte, eta denboraldia bukatu zenean Ricardo Ramos CD Hernaniko lehendakariarekin hitz egitea erabaki zuten Clementek eta Ormaetxeak: «Egoera zein zen azaldu genion, eta Ricardok lehenengo momentutik erraztu zigun bidea». Ordura arte Añorgara edo Oiartzunera joan ohi ziren futbolean jokatu nahi zuten neska hernaniarrak.
Etxabek ongi gogoan du Hernanirekin jokatzeko aukera planteatu zieten eguna: «Sekulako ilusioa egin zigun proposamenak. Momentu horretan ez genuen imajinatu ere egiten, eta klubean sartzea ederra izan zen». Taldekide gehienen modura, eskolako taldetxo hartan hasi ziren Etxabe eta Salillas, eta ate irekien egunean bertaratutakoekin osatu zuten 15 jokalariko taldea. «Denboraldi hasieran futbola probatzeko aukera izan zen Zubipe kanpoan, eta egun horretan etortzen ziren guztiak onartuak izaten ziren. Beste herrietatik ere etorri zen jendea hona», azaldu du Salillasek.
Hain justu, halaxe sartu zen taldera Jauregi. Gainontzekoak baino lauzpabost urte zaharragoa izan arren, ezin izan zion Hernanin jokatzeko aukerari uko egin: «1997ra arte ez nuen talde batean jokatu. Nik dagoeneko 17 urte nituen, unibertsitatean hastear nengoen, eta orduantxe irakurri nuen ate irekien kontua. Ez zen talde batean hasteko garairik onena, baina nire baitan pentsatzen nuen; 'imajinatu taldea ez dela ateratzen bat falta delako!' Aukera neukan nire ametsa gauzatzeko, eta inor ezagutzen ez nuen arren, joan egin nintzen».
Hondartzan jokatu zuten lehenengo denboraldia
1997an osatu zuten lehenengo aldiz CD Hernaniko emakumezkoen taldea, baina federatu gabe jokatu zuten denboraldi hartan. Proba moduko bat izan zen taldearentzat, jokalariek jarraikortasuna eta konpromisoa izango zutela ziurtatzeko: «Esan ziguten lehenengo urte hori ondo osatzen bagenuen hurrengoan federatzen utziko zigutela. Horregatik, lehenengo urtean hondartzan jokatu genuen», azaldu du Etxabek.
Barre artean gogorarazi du Salillasek urte hartako emaitzak ez zirela onenak izan, partidu guztiak galdu zituzten bat izan ezik: «Juxtu Añorgaren aurkako partidua irabazi genuen, 4-2. Añorgakoak oso onak ziren, eta abenduaren 28an jokatu genuen partidu hura. Egun horretan Ricardorekin topo egin nuen, eta emaitza esan nionean pentsatzen zuen brometan ari nintzela!».
Emaitza kaxkarrek ez zuten taldeko giroa zapuztu. Amets bat betetzen ari ziren taldekideak, eta hori jokalarien arteko harremanean islatu zen. Entrenatzaileek ere horixe zuten buruan, eta giroari garrantzi haundiagoa eman zioten lehiari baino: «Gure nahia ez zen irabaztea, helburua proiektu sendo bat sortzea zen. Oinarriak ondo jartzea taldeak gerora iraun zezan. Hori zen garrantzitsuena, eta jokalariek bikain ulertu zuten gure ideia. Oso jarrera positiboa izan zuten».
Jarrera positibo hori izan zen taldeak jarraipena izateko arrazoietako bat. Bigarren urtetik aurrera federatuta jokatzen zuen emakumezkoen taldeak, eta pixkanaka kirol emaitzak ere iristen hasi ziren: «Federatutako bigarren urtean mailaz igotzeko zorian egon ginen. Penaltietan galdu genuen azken partidua, baina oso denboraldi ona egin genuen», nabarmendu du Salillasek.
Eguneroko lan horren ondorioz, inguruko neskentzat erreferentzia bihurtu zen Hernaniko taldea, eta pixkanaka igotzen joan zen jokalari kopurua. «Futbola gustatzen zitzaien neskak erakartzeko lagungarria izan zen, eskolako taldetik harago aukera zegoela jakiteko», dio Etxabek. Erreferentzialtasun horrek Añorgan edo Oiartzunen zebilen jendea herrira itzultzeko balio izan zuen, besteak beste.
«Zenbaitetan tokatu zitzaigun komentario desatseginak entzutea»
Bidea urratzea ez da sekula erraza izaten, eta nesken lehenengo talde hark traba batzuk izan zituen hasieran. Lau kideek nabarmentzen dute «anekdotak» direla gehienak, baina zenbaiti kosta egin zitzaien talde berriari espazioa uztea: «Lehenengo urtean borrokatxo txikiak genituen. Talde asko zeuden entrenatzeko, eta batzuek ez zuten oso ondo hartzen guk espazioak hartzearena. Pentsatzen zuten emakumezkoek ez zutela etorkizunik futbolean», azaldu du Clementek. Etxabek ere gogoan du «espazio exkaxetan» entrenatzen zutela hasieran.
Hala ere, traba horiei gazteen berezko ilusioarekin egin zieten aurre: «Gu umeak ginen, ez geneukan ikuspegi bereziki kritikoa, bakarrik genekien futbola pila bat gustatzen zitzaigula. Taldea sortzeak ate bat ireki zigun», dio Etxabek. Salillasek ere ilusiotik gogoratzen ditu lehenengo momentuak, baina ez da ahaztu inguruko mutilek egindako komentarioetaz: «Ni atezaina nintzen, eta zenbaitetan tokatu zitzaidan komentario desatseginak entzutea».
Hasierako urteetan ezinbestekoa izan zen jokalarientzat Ricardo Ramos presidentearen eta Elio utilleroaren babesa.
Ilusioz bizi dute egungo egoera
Zorionez, emakumezko futbolaren paisaia zeharo aldatu da 1997tik 2024ra. Elkarrizketatuen artean dagoeneko inork ez du lotura esturik futbolarekin, baina pozez ikusten dute egoerak izan duen bilakaera. Hernanin urte dexente iraun zuen emakumezkoen talde bakarrak, eta azken urteetan ia maila guztietan talde bat baino gehiago sortzeko aukera izan du klubak.
Jauregik alabarekin izandako elkarrizketa bat ekarri du gogora, aldaketaren erakusgarri: «14 urte inguruko nesken partidu bat ikusten ari ginen, eta alabari kontatu nion nik 18 urte nituenean adin horretako neskekin aritzen nintzela. Bere erantzuna izan zen; 'hain txarra zinen, ama?'. Gaur egungo gazteei ez zaie buruan sartzen talde bakarra izatea, orain ia maila guztietan daudelako nesken taldeak, bakoitzak bere adinekoekin jokatzeko».
Atzera begiratuta, entrenamenduetan sortutako giro onarekin geratu dira laurak, eta oroitzapen eder batekin amaitu du elkarrizketa Jauregik: «Klubeko bazkarira gonbidatu gintuzten lehenengo urtean sari banaketa egin zuten. Urte hartan niri egokitu zitzaidan saria jasotzea, eta gogoan daukat asko markatu ninduela trofeoko jokalaria emakumea izateak. Horrek ikusarazi zidan bazegoela aukera, eta egungo egoera ikusteak asko pozten nau».