| APEADERO |
|
Txilin Txin Txi pintxoarekin lortu du Txili tabernak 12. Bakailao Asteko Herritarren Lehenengo Saria. Egindako lanaren ondoren, «poz haundiz» jaso zuten albistea. «Bi aste horietan ez gara 200 pintxotik behera ibili, lan gogorra izan da, baina emaitzak asko poztu gaitu». Txili tabernakoek ondo dakite zer den Bakailao Asteko sariak jasotzea, baina aurtengoan zalantza puntu batekin ekin zioten lehiaketari: «Txitxirioak sartzen arriskatu egin genuen. Bi aukera bakarrik geneuzkan buruan; jendeari asko gustatzea ala batere ez gustatzea». Pintxoa sortzeko ideia garai bateko plateren osagaietatik etorri zitzaien: «Lehen txitxirioekin jaten zen bakailaoa, eta bagenekien lehen hala egiten bazen ezin zela nahasketa txarra izan. Gero saltsa batzuekin eta onddo zati batekin osatu genuen, baina oinarria lehengo errezeta hura izan da».
Emaitza horretara iristeko, ordea, lan asko egin behar da aurretik. Txilin ere proba asko egin dituzte pintxoarekin gustura geratu arte: «Pentsatzen duzu osagai batek funtzionatu dezakeela, eta probatzean konturatzen zara ez dela ondo geratzen». Bakailao Asteak iraun duen bitartean pintxoa dastatzeko tartea izan ez dutenek aukera izango dute hemendik aurrera Txilin bertan probatzeko: «Gustatzen den hori zergatik kenduko dugu? 2014an atera genuen pintxoa oraindik mantentzen dugu, eta hau ere ematen jarraituko dugu. Jendea tarteka etortzen da propio pintxo hauek probatzera, eta bertan izango ditu zain». |



