«Arima Bihurriak dira Txantxillako Jaien oinarria, haiek gabe bestelakoak izango lirateke»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 26a, 00:00

Giro ederra sortu ohi da auzokoen arteko herri kiroletan.

Atzo arratsaldean hasi ziren Txantxillako Jaiak. Aurten ere gogotsu ekin diote asteburu bereziari Txantxiku Auzo Elkarteko kideek, eta eguraldi txarrari aurpegi onarekin erantzungo diote. Auzoko Arima Bihurriak izango dira gaurko protagonistak.

Atzo hasi zenituzten festak. Gogoz hartu dituzue, ezta?

Bai, aurten ere gogotsu hartu ditugu. Egia da aurretik pixka bat kostatu zaigula jendeak Auzo Elkarteko bileretan parte hartzea, baina gogoz prestatu ditugu jaiak. Hasiera batean jarduera gutxiago prestatzeko asmoa geneukan, baina azkenean urteroko egitaraua osatzea lortu dugu. Pena bakarra eguraldiarena da... Orain arteko festetan beti errespetatu gaitu eguraldiak, baina aurten alderantziz tokatu da. Hala ere, karpa azpian sartuta moldatuko gara. Bertako jendeak beti erantzuten du festetako bi egunetan, eta kanpokoak ere animatzen ditugu gogotsu etortzera. 

Ume asko bizi dira Txantxillan eta egitarauan kontuan hartzen duzue hori. 

Auzoa sortu zenean, duela 12 urte, bereziki auzo gaztea zen. Ume txikiak, jaioberriak eta gaztetxoak ziren gehienak, eta hortik abiatu ginen gu ere. Argi geneukan eurengan pentsatuz antolatu behar genituela festak, eta oraindik ere gure jaien oinarria dira Arima Bihurriak. Txantxillako festak haurren protagonismorik gabe oso bestelakoak izango lirateke. 

Zer jarduera nabarmenduko zenuke aurtengo egitarautik?

Ez da erraza bakarra nabarmentzea. Atzoko musika emanaldiak ederrak izan ziren, auzoko helduek gozatzeko aukera izan zuten bertan. Gaurko jarduerei dagokienez, herri kirolak nabarmenduko nituzke, auzokoen artean ondo pasatzeko prestatzen ditugu, eta giro polita sortzen da bertan. Horiez gain, sagardo dastaketa ona izaten da, eta bingo musikatua da aurtengo berritasuna. 

Eskeleto bat da Txantxillako Jaien ikurra. Nondik dator?

Istorio bat dauka atzetik. 2012an eman zizkiguten Txantxillako etxeak, eta 2013an elkartu ginen lehenengo festak prestatzeko. Hasierako bilera horietan hizketagai nagusia zen noiz egin nahi genituen, eta auzoaren jatorriari begiratzea okurritu zitzaigun. Lehen hilerria zegoen Txantxillan, eta lotura hori aprobetxatuta egokia iruditu zitzaigun azaroaren 1aren aurreko asteburuan antolatzea. Jaien ikurra horregatik da eskeleto bat, erreferentzia horri keinu txiki bat egiteko. Gainera, baloi bat dauka eskuartean, hilerria izan ondoren futbol zelaia jarri zutelako Txantxillan. Auzoaren jatorria eta bilakaera uztartzen ditu Txantxikuk.
 

Lan haundia eskatzen dizue festen antolaketak? 

Hamar pertsona gaude antolakuntza taldean, eta lan dexente egin behar izaten dugu. Aurretik lan administratiboak dira gehienak, eta egitaraua zehazten doan heinean jarduera guztietarako dena ondo lotu behar izaten da. Guretzat garrantzitsua da bizilagunen laguntza, eta egia da eskatu izan dugunean oso erantzun ona jaso dugula. Festetako egunetan ere jende asko animatzen da laguntzera, eta hori asko estimatzen dugu. Gehixeago kostatzen da bileretara joatea, baina etortzera animatu nahiko genituzke auzotarrak. Oso giro ona daukagu taldean. 

Auzo berri xamarra da Txantxilla. 12 urte hauetan lortu duzue auzo izaera sortzea?

Esango nuke baietz. Bertan bizi garenok badaukagu lotura auzoarekin. Plazaren egiturak ere lagundu du hori lortzen. Azkenean, elkargune hori izanda pixkanaka sortuz joan da txantxillatar izaera. 
 

Festez gain, jarduera gehiago antolatu dituzue Auzo Elkartetik?

Kultur Biran parte hartuko dugu, eta azaroaren 23rako antolatu dugu Bea Egizabalen ikuskizuna. Gainontzean, udaran zinema saioak prestatu genituen, eta eskulan tailerra ere egiten dugu lokalean. Horiek dira gure jarduera nagusiak.

 

TXANTXILLAKO JAIAK

GAUR

10:30 Haurren lasterketa

11:00 Haur jolasak eta auzo ginkana

12:00 Sagardo dastaketa eta pintxoak

12:30 Hernaniko Gazte Banda, Hernasax eta Hernani Musika Eskolako pianoko ikasleen emanaldia

14:00 Auzotarron bazkaria

16:30 Bingo musikatua

18:00 Haurrentzako txokolatada

19:00 Arimen kalejira Hernaniko dultzaina taldekoekin

20:00 Arimen disko festa. Animatu eta mozorrotu!

Ondoren, festen amaierako traka!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!