Binakakoaren lidertza jokoan gaur, Barrenetxeak eta Segurolak

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 26a, 00:00

Aurrez aurre izango dira aurreneko jardunaldiko bi bikote irabazleak, 16:30etan hasita Galarretan.

Berdinketak hautsiko dituzte gaur, Binakako Txapelketa nagusian, 16:30etan hasita Galarretan. Izan ere, elkarren kontra jokatuko dute aurreneko jardunaldiko bi bikote irabazleek, batetik; eta bi galtzaileek, bestetik. Horrela, lidertza izango dute jokoan Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Beñat Segurolak, Javier Urrizaren eta Iban Larrañagaren kontra. Launa puntu dauzkate bi bikoteek, eta gaur irabazten duenak pauso sendoa emango du.

Beste partiduan, aurreneko puntuak pilatzea dute helburu, txapelketari hutsean ekin dioten bi bikoteek: Imanol Ansak eta Aritz Juaneneak, eta Josetxo Ezkurrak eta Xabier Azpirozek. Irabazlea lehia betean sartuko da aurrekoekin, eta galtzaileari aldapa gora jarriko zaio ligaxka.

Jaialdiko bigarren eta hirugarren partiduak izango dira horiek, eta aurretik jokatuko dute bigarren mailako txapelketako beste partidu bat. Horretan ez da izango Urumea bailarako erremontistarik: Irazu eta Zaldua ariko dira, Gurrutxagaren eta Martirenaren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!