Euskal Herriaren eta Bavariaren arteko sega desafioa jokatuko dute gaur arratsaldean Jauregi jatetxeko belardian. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da apustua, eta 10 euro balioko ditu sarrerak.
Lehenengo zatian emakumeen proba izango da. Hiru segalari arituko dira nazioarteko eran, buruz buru; Maide Garmendia zaldibiarra, Izadi Arrospide leaburuarra eta Veronika Abfalte bavariarra. Saio honetan 100 metro karratu azkarren eta txukunen ebakitzen dituen segalariak irabaziko du.
Gizonezkoen proban bi biren aurka arituko dira, euskal modalitatean; Bavariako Johannes Egger eta Johann Wolfgruber Euskal Herriko Amaiur Arrospideren eta Josu Mendizabalen kontra. 40 minutuko lana osatu beharko dute, eta denbora horretan kilo gehien pilatzen dituen bikoteak irabaziko du.