Partidu gogorra trikoloreek bihar, Getxoko kolpeari buelta emateko

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 26a, 00:00

Berriro Landaren ariko da bihar Hernani, Ohorezko B Mailan.

Gipuzkoa Sortzen taldearen kontra jokatuko du Hernanik Landaren, eguerdiko 12:00etan hasita.

Ahalik eta azkarren utzi nahi du atzean Hernanik, joan den astean Getxon jasotako kolpea. Trikoloreek 41-10 galdu zuten Ohorezko B Mailako bigarren partidua, eta garaipenen bidera bueltatu nahi dute aste honetan, zaleen aurrean. Horretarako, partidu gogorra daukate bihar, Landaren: Gipuzkoa Sortzen taldearen bisita jasoko dute, eguerdiko 12:00etan hasita.

Estatu mailan lehiakor izateko helburuarekin, aurten jarri dute martxan Gipuzkoa Sortzen taldea, hiru taldek bat eginda: Zarautz, Lasarte-Oriako Beltzak eta Donostiako Bera Bera. Hernanik bezala, garaipen eta porrot bana pilatu dute orain arte, eta kontrario arriskutsua izango dira trikoloreentzat: 7-31 nagusitu ziren La Unicaren zelaian, eta Gernika oso estu hartu zuten Zarautzen (24-25), joan den asteburuko jardunaldian. 

Bultza taldeak ere, Landaren hitzordua bihar

Hernaniko Bultza talde inklusiboak ere jokatuko du asteburu honetan. Etxean izango dute Trikoloreek ere denboraldiko aurreneko hitzordua, bihar, goizeko 10:30etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!