Segurtasun falta, norena?

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 25a, 00:00

Pasa den asteazkenean Alokairuaren prezioak testua irakurri ahal izan genuen Kronikan, Ion Azpiazuk idatzia. Testuak etxejabe handien pentsaerara gerturatzeko aukera eskaintzen du, eta hori baliatuz zenbait ideia plazaratu nahi genituzke Etxebizitza Sindikatutik.

Hasteko, bat gatoz zenbait puntutan. Etxebizitzaren arazoa etxe eskasian kokatu ordez, Azpiazuk dio jabeek etxeak hutsik mantentzea dela arazoaren kausetako bat. Ados gaude horrekin: arazoa ez da etxebizitza eskasia, eta ez da gehiago eraikita konponduko. Arazoa etxebizitzarako sarbiderako zailtasuna da.

Segurtasun falta salatzen du, diskurtso hori zabalduz jabeen aldeko neurriak justifikatzeko. Baina aipatzen duena ez da alokairu-igoera ordaintzerik izango duen ez dakienaren segurtasun falta, ez kaleratua izateko beldur denarena, ez. Berak bere errentei etekin maximoa ateratzen jarraitu ahal izateko segurtasuna eskatzen du, eta horretarako langileon kontrako neurri errepresibo eraginkorragoak eskatzen ditu.

Maizterrentzako alokairurako laguntzak ere kritikatzen ditu. Ez dugu uste neurri hauek, etxebizitzaren negozioa indartzen dutenak, arazoa konponduko dutenik. Baina ironikoa da neurri hauen onuradun nagusiak diren jabeen ahotan entzutea laguntzen ondorioz “alokairu-prezioak igo egingo dira”. Prezioen igoera fenomeno meteorologiko bat balitz bezala. “Alokairu-prezioak igo egingo ditugu” esatea zuzenagoa litzateke.

Etxebizitzarako sarbide unibertsalaren aldeko neurri politikoak ezin dira oinarritu jada garestiegi dauden alokairu-prezioen igoera mugatzean soilik, epe laburrean prezioak jaitsi behar dira. Etxebizitzarako eskubidea eta etxebizitzaren negozioa ez dira bateragarriak, eta doakotasunak soilik bermatuko du etxebizitzarako sarbide unibertsala.

 

Xabier Agirrezabala Iradi 
Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!