Euskal Herriko mendi federazioen mendeurrenaren ospakizunera etorri da egunotan Martin Zabaleta AEBetatik. Ekitaldi xume batean, oroigarri bat eman zion, asteazkenean, Udalak Hernaniko mendizaleari.
Pasang Temba xerpa nepaldarrarekin batera, munduko gailurrik garaienera iritsi zen lehenengo euskal herritarra izan zen Martin Zabaleta (Hernani, 1949). 1980ko maiatzaren 14an iritsi ziren Everesteko tontorrera, eta han zabaldu zuten ikurrina. Hernaniko mendizalea aspalditik AEBetan bizi da, eta han goi mendi gidari gisa lan egiten du, besteak beste.
Euskal Herriko mendi federazioek elkartuta joan den larunbatean ospatu zuten mendeurreneko galan jaso zuen aitortza Zabaletak, eta hori dela eta Euskal Herrian da larunbatera arte.
Hernaniko Udalak esker ona azaldu dio Zabaletari, eta harrotasuna adierazi du Everesteko gailurrera zapaldu zuen lehen euskal herritarra bertakoa delako. Udalak bertso bat eta Santa Barbarako parajea erakusten dituen koadro bat eman dio Zabaletari oroigarri gisa. Ekitaldian, EH Bilduko udal gobernuko kideek ez ezik, EAJko eta Elkarrekin Podemoseko zinegotziek ere parte hartu dute. Mendiriz Mendi elkarteko kide batzuk ere bertaratu dira.