Euskal Herriaren eta Bavariaren arteko sega desafioa izango da etzi, larunbatean, Jauregi jatetxeko belardian, 17:00etan hasita. Lehenik emakumeak ariko dira nazioarteko eran, bakarka, eta bertan, Maide Garmendia zaldibiarra, Izadi Arrospide leaburuarra eta Veronika Abfalter bavariarra lehiatuko dira nor baino nor. 100 metro karratu azkarren eta txukunen ebakitzen dituena izango da nagusi.
Ondoren, gizonezkoek, bi-bitara, 40 minutuko saioa egingo dute euskal modalitatean. Hau da, 40 minutuz ari ondoren, kilo gehien ebaki dituen bikotea izango da garaile. Bavariatik Johannes Egger eta Johann Wolfgruber ariko dira, Euskal Herritik, berriz, Amaiur Arrospide leaburuarra eta Josu Mendizabal zaldibiarra. Sarrera 10 euro izango da. Azkenaldian Jauregi berriro ere sega desafio eta txapelketen eremu izatera bueltatu da.
Bavariak erreleboa, Austriari
Pasa den urtean, Euskal Herriaren eta Austriaren arteko sega desafioa, izan zen Jauregin bertan. Punta puntako lau segalari aritu ziren, eta orduan ordubeteko lana osatu zuten arratsalde euritsuan.
Zenbaketako emaitzek agerian utzi zuten Euskal Herriko segalarien nagusitasuna; izan ere, Imazek, Uzkudunek, Urkolak eta Lizartzak 3.320 kilo pilatzea lortu zuten. Aldiz, Barnthalek, Fritzek, Erbschwendtnerrek eta Loiperdingerrek 3.161,5 kilo ebaki zituzten.
Aurten lanak ezberdinak izango dira, nazioarteko eran ere arituko baitira lanean.