Hernaniko Udala saretak jartzen ari da herriko zubietan, hondakinak uretara isurtzea ekiditeko. Jakinarazi dutenez, hiru zubi gehiagotan jarri ditu sareta herdoilgaitzak: Lastaola poligonoan, Portu auzoan eta Ereñotzun. Iaz Zinkoenean, Lastaolan eta Ibaiondon jarri zituztenez, jada herriko sei zubitan dago prebentzio sistema hau.
«Urumea ibaiaren garbiketa integralaren parte dira ekintza hauek, ibaira hondakin gutxiago isurtzeko prebentzio neurrira. Horrez gain, sentsibilizazio kanpaina gisa, zubietan zazpi txapa jarri dira eta hamar kartel natur eremuetan», azaldu dute Udaletik.
Lan hauek egiteko Aldundiaren laguntza jaso du Udalak, eta 21.000 euro bideratu dira prebentzio neurri hauek gauzatzeko. Laguntza horiekin egin dituzte Urumearen eta Goiz Eguzkiko parkearen garbiketa lanak.
Hondakinak ikusgai, plazan
Aurtengo garbiketetan 3.500 kilotik gora jaso dituzte Urumea ibaiaren Hernaniko zatian. Asteklimaren barruan, bildutako hondakin horietako batzuk ikusgai daude Gudarien plazako erakusketa batean.