Larunbat arratsaldean egingo du Kanikak ikasturteko lehenengo Kaniburua, Atsegindegin

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 23a, 00:00

Arratsaldeko 16:30etan jarri dute hitzordua.

2014 eta 2018 urteen artean jaiotako haurrek eman dezakete izena, kanika.aisia@gmail.com helbidera idatzita.

Asteburu honetan ekingo dio ikasturte berriari Kanika Aisialdi Taldeak. Larunbaterako, hilaren 26rako, lehenengo Kaniburua antolatu dute, 2014 eta 2018 urteen artean jaiotako haurrentzat. Arratsaldeko 16:30etan jarri dute hitzordua Atsegindegin, eta bertan amaituko dute jarduera, arratsaldeko 19:00etan. Tartean, merienda eskainiko diete bertaratzen diren gaztetxoei. 

Lehenengo jarduera honetan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea. Horretarako kanika.aisia@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da, haurraren izen abizenak eta adina zehaztuta. Ondoren, Kanikatik jasotako baimen orria sinatu behar da, aurretik bidali edo larunbatean bertan entregatzeko. 

Herriko haur guztiei luzatu die Kanikak parte hartzeko gonbidapena: «Kanikaren parte izatera animatu nahi zaituztegu! Animatu eta etorri gurekin jolastera urriaren 26an! Herria denona den heinean, haurrena ere bada!».

Kurtso osorako izenematea laster zabalduko dute

Lehenengo izenemate honi laster emango diote jarraipena Kanikako kideek. Jakinarazi dutenez, datozen asteetan zabalduko dute kurtso osorako jardueretan izena emateko epea. Horri buruzko informazio zehatzagoa aurrerago zabalduko dute ohiko bideetatik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!