Duela 19 urte Kronikan

Zinkoeneako zubia konpontzeko proiektua enkantera atera du Diputazioak

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 22a, 08:23

Hasierako obretan Urumea gainditzeko hiru arku egin zituzten. Orain, kanalizazioarekin, arku gehiagoren azpitik pasatzen da erreka.

2005eko urriaren 22ko Kronikan argitaratutako albistea
Irakurri egun horretako Kronika osorik hemen

Obrak 494.000 euroko aurrekontua du eta sei hilabetetan egina egon beharko du. Zinkoeneako zubia 1949an inauguratu zuten eta ordutik hainbat konponketa txiki egin dizkiote.

Diputatuen Kontseiluak Gipuzkoako garraio sarean egin beharreko hainbat obrei buruzko erabakiak hartu ditu aste honetan. Horien artean dago Zinkoeneako zubia edo biaduktua konpontzeko proiektua enkantera ateratzea onartu izana.

Zinkoeneako zubia (Orbegozoko zubia eta Kara beleko biaduktua ere deitzen zaio), Hernanitik Astigarragara dijoan GI-131 bidean dago eta Urumeak sortutako desnibela gainditzeko eraiki zen.

Bide berri bat egiteko saiakera duela 100 urte

Astigarragara dijoan bide hori XXgarren mende erdian eraiki zuten. Data hori baina lehenago, Hernanitik Astigarraga edo Frantzia aldera joan nahi zutenek bi aukera zituzten: Florida aldera jaitsi Errege Bidetik eta Ergobiko zubia pasa, edo Balantxako aldapa jaitsi. Baina Norteko trenbidea eraiki zutenean bide berri baten beharra ikusi zen, trenbideak bide zaharrak gurutzatzen baitzituen.

1905ean, duela ehun urte juxtu, Diputazioak proposamena egin zuen bide berri bat egiteko trenbide ondotik, baina proiektua ez zen aurrera atera. Gero beste zenbait proposamen eta proiektu aurkeztu zituzten, bai Udalak eta baita Diputazioak. Azkenean, 1945ean, Jose Maria Gabarainen proiektua onartu zuten.


Ergobitik Zinkoenearako errepidea

Gabarainen proiektuan ikusten zen Ergobia eta Zinkoenea artean errepide bat egitea. Errepide horrek 2.503 metro izango zituen eta Urumearen eta trenbidearen gainetik pasako zen, biaduktu baten bitartez, gaur egun ezagutzen dugun zubia.

Errepide berriaren obrak hasi eta segituan aurrekontua igo egin zen, azkenean, obra guztia 5.725.834 pezeta kosta zen. Lau urte behar izan zituzten biaduktua eta Ergobiraino dijoan errepidea eraikitzeko. 1949an inauguratu zuten Karmelo Labaka bikarioaren bedeinkapenarekin.

 

494.000 euro zubia konpontzeko


Diputazioak aurrera eraman nahi dituen obrek 494.000 euroko aurrekontua dute. Aurrekontu horrekin egin beharreko lana da: Arkuen gangetan aurkitzen diren pitzadurak eta hormigoian azaldutako zartadurak konpondu; barandak eraberritu eta espaloietan egon daitezkeen akatsak ondo jarri. Hori guztia egiteko 6 hilabeteko epea izango du enkantea irabazi duen enpresak.

24 arku Urumea bailara gurutzatzeko

Zubiak 24 arku ditu. Horietatik 18 desnibela gainditzeko bakarrik dira. Beste hiru arkuk Urumea pasatzeko zubia osatzen dute, arku baten azpitik oinezko bide bat dijoa, autoentzako bidea beste baten azpitik eta azkenik, arku zabal batek trenbidea Biaduktuko baranda ere konponduko dute. gainditzen du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!