Giro ederra sortu zen larunbatean Galarretan, Binakako Erremonte Txapelketako lehenengo jaialdian

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 22a, 00:00

Urrizak eta Larrañagak irabazi zuten lehenengo partidua, eta Segurolak eta Barrenetxeak bigarrena. Bigarren mailako txapelketan Aldabe eta Aiestaran izan ziren garaileak.

Larunbatean jokatu zituzten Galarretan Binakako Txapelketako lehenengo partiduak. Giro ederra sortu zen jaialdian, eta partidu onak jokatu zituzten erremontariek. 

Lehenengoan Urrizak eta Larrañagak 2-0 irabazi zuten Ezkurraren eta Azpirozen aurka. Arratsaldeko partidu berdinduena izan zen, hori erakusten dute setetako emaitzek (15-11; 15-12), baina bikote garailea aldiro joan zen aurretik. 

Bigarren partiduan errazago irabazi zuten Segurolak eta Barrenetxeak, Ansaren eta Juanenearen aurka. Kasu honetan ere 2-0 izan zen azken emaitza, eta alde haundiagoa dago partzialetan: 15-6 eta 15-11. 

Emaitza hauekin, lau puntu batu dituzte bi bikote irabazleek, eta hutsean geratu dira galtzaileak. 

 

Sakearekin min haundia egin zuen Aiestaranek

Bigarren mailako partiduan Aldabe eta Aiestaran izan ziren irabazleak. Hutsean utzi zuten Jabalerak eta Apezetxeak osatutako bikotea, setak 15-7 eta 15-12 irabazita. 

Partiduko gakoetako bat sakea izan zen. Aiestaranek asko asmatu eta min haundia egin zuen saketik, guztira zazpi tanto eskuratuta. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!