Porrota jaso zuen Hernanik Getxon, denboraldiko bigarren partiduan

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 22a, 00:00

Hernanik ezin izan zuen ihes egin Getxoren aurka.

41-10 galdu zuten trikoloreek. Asteburu honetan Gipuzkoa Sortzen taldearen aurka jokatuko dute.

 

Emaitza kaxkarrarekin itzuli zen igandean Hernani Getxotik. Denboraldiko bigarren partidua 41-10 galdu zuten trikoloreek, eta ezin izan zioten lehenengo jardunaldiko garaipen sendoari jarraipenik eman. 

Eraginkortasuna falta izan zitzaien erasoan, eta puntuak erraz jaso zituzten kontra. Jon Ander Zapiain kapitainak nabarmendu du horrelako partiduetan «ezin dela ezer oparitu»: «Pare bat aukera izan genituen entsaioak egiteko edo kolpeen bidez puntuak lortzeko, eta ez geniten baliatu. Asko barkatu genuen». 

Zapiainek gehitu du partiduari aurre egiteko moduan nahastu zela taldea: «Ez genuen ulertu eurentzat final bat zela. Gu partidua jolastera atera ginen eta haiek final bat jokatzera. Hori nabaritu zen». Emaitza txarra jaso ondoren asteburu honetako derbia irabazteko gogoz daudela dio Zapiainek: «Oso partidu garrantzitsua izango da Gipuzkoa Sortzenen aurkakoa, aste honetan gogor entrenatu eta irabazi beharko dugu». 

Hernaniko seniorren Euskal Ligako taldeak ere 26-10 galdu egin zuen larunbatean Uni Bilbaoren aurka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!