2021eko irailaren 11n ireki zituen Kulturarteko Plaza Feministak ateak. Ordutik, hiru urte pasatu dira. Hiru urte hauetako balorazioa egin, indarguneak partekatu eta aurrera begirako erronkak marraztu zituzten elkarrekin urriaren 11n 50 emakumek.
Kulturarteko Plaza Feminista «herritarrak jasotzeko, baita herria eraldatu eta egiteko plaza berri bat da. Aukerak zabaldu ditu espazio publiko honek eraldaketa feminista
gauzatzeko, nola kulturartekotasunean oinarritutako herria eraikitzeko. Finean, jendarte heteropatriarkalean kale nagusitik erauzitakoen plaza ari da bilakatzen», azaldu zuten bertako kudeatzaile eta erabiltzaileek.
Hiru urte hauetan, jarraipena eman zaio aurretik zetozen lan ildo, zerbitzu zein baliabideei, eta berriak sortu dira (Elkarzaintza taldea edota aholkularitza juridikoa, adibidez).
Hausnarketa partekatzera bertaratu ziren herrikideak askotarikoak izan ziren jatorriz, kulturaz, hizkuntzaz... Hantxe bildu ziren Kulturarteko Plaza Feminista amestu eta sortze prozesuan aritutakoak; mugimendu feministako kideak eta AMHER elkartekoak; zerbitzu, espazio eta baliabide honen erabiltzaile iraunkorrak; proiektuarekiko ezagutze eta atxikimenduak dutenak, eta nagusiki, emakumeak.