Gaur arratsaldean egin dute 12. Bakailao Asteko sari banaketa. Hernaniko Udaleko eta Berriak Elkarteko ordezkariak, Pil-pil maskota lagun zutela, kalejiran ibili dira Kaxkoan zehar, eta zirrara puntu batekin osatu dute garaileen ibilbidea.
Edizio honetako bi irabazleak Txili eta Apeadero tabernak izan dira. Lehenengoak bildu ditu herritarren bozka gehien, eta bigarrenak jaso du epaimahai profesionalaren saria. Herritarren txapelketako podiuma Goiz Argik eta Apeaderok osatu dute, hurrenez hurren.
Hernaniko Musika Eskolako akordeoilariek girotu dute kalejira. Nabarmentzekoa da aurtengoan tabernariek ere ez zekitela nork irabazi zuen; hortaz, sorpresa galanta hartu dute irabazleek.
Sari banaketan Xabier Lertxundi alkateak eman dizkie garaikurrak tabernariei, eta Patxi Ibarguren zinegotzia arduratu da bertako produktuekin osatutako otarra emateaz.
Beste urte batez, arrakastatsua izan da Bakailao Astea.