Urriaren 24a Klima Aldaketaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuta, sentsibilizazio astea antolatzea erabaki du Hernaniko Udalak. Asteklimaren barruan bost jarduera antolatu dituzte, eta gaur egingo dute lehenengoa.
Bizikleta martxa musikatua egingo dute herriko kaleetan zehar. Urbieta kaletik 10:00etan abiatu eta herriko ikastetxeak lotuko dituzte ibilbidean. Aurretik, 09:30etan, bizikletak ondo ikuskatzeko aukera izango da Urbietako oinarrizko konponketa saioan, eta bizikleta martxa egin nahi ez dutenentzat ginkana bat antolatu dute bertan.
Hernaniko Udaleko Ingurumen sailetik jakinarazi dute gaurko jarduera adin guztietako herritarrek parte hartzeko modukoa dela.
Datozen egunetan jarduera gehiago izango dira: erakusketa, arropa kustomizazio eta konponketa tailerra, ibilbide parte hartzailea eta Klima Azoka.