Bere hautagaitza sendoa aurkezteko hitzordua Hernanik, bihar Getxon

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 19a, 00:00

Ekaitz Arrozpide, Oviedoren kontrako partiduan, aurreko igandean.

Faduran jokatuko dute trikoloreek, 12:30etan, Ohorezko B Mailako bigarren partidua. Kontrario zuzena behar luke Getxok, igoerarako lehian.

Ondo ekin dio denboraldiari Hernanik, Ohorezko B Mailan; eta sentsazio gozoarekin iritsiko da urteroko zita seinalatuetako batera: Getxon jokatuko du bihar, eguerdiko 12:30etan hasita, Fadurako zelaian. Trikoloreek bezala, igoera fasera sailkatzeko lehian behar luke Getxok.

Hortaz, garrantzitsua izango da partidua hernaniarrentzat. Irabaziz gero, hautagaitza sendoa aurkeztuko lukete, igoera fasera sailkatzeko, oraindik aurreneko itzuli hau luzea izango den arren. Aurreneko partiduan porrota jasotzetik dator Getxo, eta are kontrario arriskutsuagoa izango da: 23-10 galdu zuen Gernikaren kontra, Urbietan.

Oso talde gaztea dauka Hernanik aurten, eta horren erakusle da joan den igandeko 15ekoa: zortzi jokalari ziren 23 urtetik beherakoak, eta horietatik lau 20 urtez azpikoak. Edonola ere, Ohorezko B Mailan jokatutakoak dira gehienak, eta urtebete gehiagoko esperientzia daukate, iazko mailari koxka bat gehitu eta multzoko onenen artean sailkatzeko.

Euskal Ligako taldea,  Uni Bilbaoren zelaian gaur

Hernaniko beste hainbat taldek ere jokatuko dute asteburu honetan. Euskal Ligako mutil seniorrek, esaterako, Bilbon daukate hitzordua gaur: Uni Bilbaoren kontra ariko dira, 18:00etan, Errekalde kiroldegian.

Azeri Zaharrak taldeko beteranoak, berriz, La Unicaren zelaian ariko dira ordu berean, gaur arratsaldeko 18:00etan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!