Lorategi-eremu urbanoek eta hiri-ingurukoek abantaila asko dituzte espezie mikologikoen barietatea aurkitzeaz ari bagara. Zuhaitz- eta zuhaixka-espezie ugari dituzte (autoktonoak eta aloktonoak), substratu desberdinak (zur-azala, lurra, harea, zohikatza, eta abar), aldizka ureztatzen dira eta, hori gutxi balitz, etxetik gertu izaten ditugu.
Egia da eragozpenak ere badituztela. Ingurune horietan, industria-jatorriko kutsadura dago, gizakien eta animalien jarduerarena, eta, askotan, mantentze-lanik eza edo erabilera desegokiak.
Hizpide dugun parkea edo lorategia gure edozein herri edo hiritan aurki ditzakegun hainbatetako bat da. Orain arte aipatu ditugun baldintza guztiak betetzen ditu: zuhaitz eta zuhaixka espezie ugari, hezetasun etengabea, substratu desberdinak eta abar.
Hernaniko 'Nere Borda' lorategi botanikoa, jatorrian, jabetza partikular baten zati zen. Udalak duela bi hamarkada baino gehiago erosi zuen, eta komunitatearen erabilera eta gozamenerako egokitu zuen. 5.685 metro karratu ditu, eta lau eremutan banatuta dago: lorategi ingelesa, basoa, lorategi klasikoa eta lorategi esperimentala. Bertako eta munduko 52 zuhaitz eta landare mota ditu. Horien artean, nabarmentzekoak dira 25 metrotik gorako intsignis pinu bikain bat, zumar hostozabal pendula bat eta indimitreak, baina badira izeiak, zedroak, altzifreak, haginak, xarma arruntak, pagoak, astigarrak, magnoliak, hurritzak, gereziondoak, aranondoak, ezpelak, ipuru harrestariak, erramuak, mizpirondo japoniarrak, jukak, palmondoak eta abar ere. Latsunbe-berri kaleak eta Eduardo Chillida pasealekuak bat egiten duten tokian dago, Ertzaintzaren komisariaren ondoan eta Ave María eta Atarrabiyo parkeetatik oso gertu.
Lorategian aurki ditzakegun aipaturiko 52 landare espezie ingururen estaldurari esker, onddo, liken eta perretxiko likeniko ugari aurki daiteke. Aipatuko ditugun perretxiko gehienak onddo mikorrizikoak dira, grekotik mycos (onddoa) eta rhizos (erroa); hau da, sinbiosi bat osatzen dute landare-espezieren batekin. Horregatik dira hain garrantzitsuak ingurune horiek espezie mikologiko ugari aurkitzeko.
Eta kasu honetan, makromizeto-onddoei buruz hitz egingo dugu (> 1 mm), perretxiko gisa ezagunagoak direnak. Beraz, alde batera utziko ditugu onddo gehienak (< 1 mm); izan ere, txikiak direnez, behatzeko entrenamendu eta tresna bereziak behar dituzte.
Prospekzioak hainbat urtetan eta urte sasoi desberdinetan egin dira. 60 bat makromizeto onddo espezie aurkitu dira, besteak beste, Amanita phalloides (Hiltzaile berdea) eta Lepiota subincarnata, hilgarriak izan daitezkeenak; Clitopulus prunulus (Errotari), Rodhocibe truncata (Gorrista) eta Lepista nuda (Ziza hankaurdina), jangarriak direnak; baita Butyriboletus fechtneri eta Clathrus ruber (Kaiola gorria) ere, galtzeko arriskuan dauden onddoen Euskadiko behin-behineko Zerrenda Gorrian dauden bi espezie.
Hernaniko beste parke interesgarri batzuk: Chillida Leku, Ave María parkea eta Hernaniko Politena parkea.
Hiriko edo hiri-inguruko lorategi horietan beste bizidun asko aurki ditzakegu, anfibioak, ugaztun txikiak eta hegaztiak.
Azkenik, bi ohar, bata publiko orokorrarentzat eta bestea udalentzat. Publikoari, oro har, bi gauza esango nizkioke: lehenengoa da behatzen ikastea, eta horrek bigarrengora eramango gaitu, gure ingurunea estimatzera eta zaintzera. Eta udalak animatuko nituzke ingurune horiek ez alde batera uztera. Komunitateak horietaz gozatu ahal izango du, biodibertsitateari eta bere lurraldeko kutsaduraren kontrolari lagunduko diote, eta diru-iturri izan daitezke, leku lasaiak, ederrak eta natura-interesekoak maite dituzten kanpotarren etorreragatik.
5.685 metro karratuko parke txiki baten bidez egindako erakusketa apal honek (futbol-zelai bat baino dezente txikiagoa dena), gure 'balkoiaren azpian' daukagunari balioa eman eta horretaz gozatzera animatu nahi izan du.
Oharra: Eskerrak eman nahi dizkiet Pedro Mari Arrillaga eta Alejandro Íñiguez mikologoei, artikulu honetan aipatutako hainbat espezieren sailkapenean parte hartzeagatik, bai eta Aranzadiko mikologia saileko gainerako kideei ere, hori egiteko ideiak ekartzeagatik.