Irunberrin bihar egingo den Nafarroa Oinezeko kantak hernaniar ikutua izango du. Kantaren egilea Harkaitz Martinez aspaldi Hernanin bizi den añorgarrarena da eta moldaketak Angel Unzuk egin ditu, urte askoan Hernanin bizi izan den iruñarrak. Letra Irunberriko ikastolako irakasle den Txomin Ugarterena da eta moldaketak Maialen Lujanbio bertsolari hernaniarrak egin ditu. Harkaitz Martinezek familia du Irunberri inguruan eta horren bidez etorri zaio kanta egiteko eskaera. Lanarekin oso gustora eta harritua dago «jende profesionala ez izan arren oso ondo lan egin baitute».
Bertako baliabideekin
Kantaren oinarria, bailarako lan tresnen soinuak jartzen dute, ardi mozteko goraizak, mahatsa kimatzeko goraizak, txorixo fabrikako makinak, aizkorak, almadiak... eta horri lotuta jolas ritmiko bat dago, umeek txalo eginaz eta beste segitzen dutena. Musika, berriz, herriko txarangakoek jotzen dute, alegia, bailaran dauden musikariek. Baina, Harkaitz Martinezek Kronikari esan dioenez ez du kanta bakarrik egin aurtengo Nafarroa Oinezerako, honekin batean material didaktikoa ere egin dute: bideoa, bailarako ohiturak, bizibidea, euskera eta abar jasotzen dituen materiala antolatu ditu eta denarekin CD room bat atera dute. CD Room-aren 10.000 kopia Euskal Herri guztiko ikastoletan banatua dituzte, eskualdeari buruzko informazioa zabaltzeko.
Igandeko festa Irunberriko ikastolaren alde dirua biltzeko antolatu dute. Ikastola honetara, Irunberri, Salazar, Erronkari, Zaraitzu eta Aezkoako umeak joaten dira eta, trabak traba, 74 ikasle dituzte gaur egun, orain 25 urte 7 ikaslerekin hasi baziren ere.
Autobusak Hernanitik
Doberak antolatuta bi autobus aterako dira igandean. Bigarren autobusean oraindik beste 25 pertsonentzako lekua dago. Sarrera horiek igande ateeran bertan banatuko dira, Atsegindegin 09:00etan.