Urte hidrologikoa %8 prezipitazio gehiagorekin amaitu da

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 18a, 00:00

Iraileko prezipitazio handiei esker, Añarbeko urtegiaren maila igo egin da eta ohikoa baino ia bi puntu gorago dago.

Aurtengo urte hidrologikoa (2023ko urritik 2024ko irailera) azken berrogeita hamahiru urteetako batez bestekoa baino %8 prezipitazio-maila haundiagoarekin itxi da: guztira 2.234 l/m2 jaso dira, hau da, urteko batez bestekoa (2.064 l/m2) baino 170 litro gehiago. 

Azaroa, abendua eta otsaila izan dira hilabeterik euritsuenak: 355, 290 eta 320 l/m2 , hurrenez hurren. Neguko hilabeteetan ohikoa den bezala, euri-jasa horiek gorakada handiak eragin dituzte, eta uholdeak prebenitzeko prebentziozko hustuketekin konpentsatu dira. Zehazki, azaroaren 21etik martxoaren 12ra bitartean 31 milioi m3 (hau da, ia urtegi oso bat) hustu ziren modu kontrolatuan eta prebentzioz, eta presaren egoeraren sei parte igorri ziren.

Urteko gainerako hilabeteetan, urtegia batez bestekotik oso gertu egon da. Aurtengo iraileko euri ugariek (235 l/m2 eta hileko batez bestekoa baino % 88 gehiago) urtegiaren maila igo egin dute, garai honetan ohikoa dena baino ia bi puntu gorago (% 79,1).

Azken finean, ur-hornidura bermatuta dago, Añarbeko arroak Penintsula osoan urteko batez besteko prezipitazio haundiena duen eremuetako bat izaten jarraitzen duelako, eta urteko ur-eskaria 24 milioi m3 inguruan egonkortu delako 2013tik, aurreko urteetan eskaria nabarmen jaitsi ondoren hornidura-sareak hobetzeko inbertsioek eraginda.

PREZIPITAZIOA

AÑARBE - 2023/2024

Urria: 124 l/m2 (173 bataz beste)

Azaroa: 355 l/m2 (259 bataz beste)

Abendua: 290 l/m2 (197 bataz beste)

Urtarrila: 143 l/m2 (228 bataz beste)

Otsaila: 321 l/m2 (182 bataz beste)

Martxoa: 143 l/m2 (185 bataz beste)

Apirila: 92 l/m2 (189 bataz beste)

Maiatza: 205 l/m2 (174 bataz beste)

Ekaina: 165 l/m2 (115 bataz beste)

Uztaila: 65 l/m2 (110 bataz beste)

Abuztua: 96 l/m2 (127 bataz beste)

Iraila: 235 l/m2 (125 bataz beste)

Guztira: 2.234 l/m2 (2.064 bataz beste)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!