Foto Forum Hernani elkarteak atzo egin zuen aurkezpen ofiziala, elkarte moduan. Ideia joan den urtean jarri bazen ere martxan, ofizialki, elkarte moduan, aurten hasiko dira.
Aurkezpena herritar ugariren aurrean egin zuten, eta horietatik asko argazkilaritza munduari lotutakoak baziren ere, asko izan ziren elkartearen nondik norakoen berri jakitera hurbildu zirenak.
Elkartearen funtzionamendua eta helburuak
Foto Forum Hernanik urtebete daramaki martxan eta leku guztietako bazkideak daude elkartean: Irun, Lasarte, Donostia, Andoain, Astigarraga... Adinari dagokionez ere, adin tarte guztietako pertsonak biltzen dira bertan, gaztetxoetatik hasi eta 80 urte bitartekoak.
Adierazi zutenez, elkartearen asmoa da, nora jo ez dakiten argazkizale guztiek biltzeko lekua izatea. Aurten gainera, helburu dute, argazki lariekin batera, elkarlanean aritzea bertako eta inguruko herrietako taldeekin.
Horrez gain, jakinarazi zuten, Foto Forum elkartea izatera pasa denetik, ekintza gehiago egiteko aukera izango dutela. Esaterako bazkideentzako argazki lehiaketa jarriko dute martxan. Bazkideek, hilabetean behin, gai jakin baten gaineko argazkiak aurkeztuko dituzte. Epaimahai batek argazkiak puntua tuko ditu eta argazkiak komentatuko dituzte, beren iritzia emanda. Argazkiak erakusketan jarriko dira, hilero-hilero. Baita ere, adierazi zuten argazkilaritzari buruzko liburutegia martxan jartzeko asmotan dabiltzala. Joan den urteari begiratuz gero, orduan ere asko izan ziren taldeak antolatutako ekintzak, besteak beste: argazkiak ikusi, tailerrak, erakusketak, lehiaketak, eta abar.
Biteritik Villa Ave Mariara
Jende aurrean adierazitakoaren arabera, elkarte berriarekin batera, biltzeko egoitza berria ere izango dute. Orain arte Biteri kultur etxean elkartzen baziren ere, orain Villa Ave Marian elkartuko dira. Hala ere, jakinarazi zuten, lekua txukundu bitartean, Biterin elkartzen jarraituko dutela, asteartero, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.
Bazkide egiteko aukera
Foto Forumeko bazkide egin nahi dutenek aukera izango dute, eta horretarako Aitor Saizarrekin jarri beharko dute kontaktuan. Sarrera kuota 30 eurokoa da eta hilero 5 euro ordaindu behar dira.