Karabel Race oztopo lasterketaren bigarren edizioa izango da igandean

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 17a, 00:00

Erik Pomposok lortu zuen garaipena lehenengo edizioan.

Belkara auzo elkarteak antolatu du, eta 11:00etan hasiko da 7 kilometro eta 15 oztopoko ibilbidea.

II. Karabel Race oztopo lasterketa izango da igande honetan, Hernaniko Karabel auzoan. Belkara auzo elkarteak antolatu du, Denontzat gimnasioaren laguntzarekin. Goizeko 11:00etan emango zaio hasiera lasterketari, eta ondoren, txikienei ere emango diete parte hartzeko aukera, 12:00etan.

Bigarren urtez jarraian antolatu dute oztopo lasterketa Karabelen, ekitaldiari jarraipena emateko asmoz, eta praktika honek azken urteetan izan duen onarpena dela eta. Belkara auzo elkartetik argi dute lasterketaren filosofia: «Guztion eskura dagoen lasterketa izatea nahi dugu, bai esperientzia dutenentzat, baita inoiz parte hartu ez dutenentzat ere».

Proban parte hartzeko, emailez eman be­har da ize­na, larunbatera arte, Belkaraae@gmail.com helbidera idatzita. Datuak bidali behar dira, eta transferentzia bi­dez ordaindu (KUTXA: ES14 2095 5041 11 1061485214).

15 euro dira, eta doakoa 5-10 urteko haurren kasuan. Egunean bertan ere izango da apuntatzeko aukera, Belkara auzo elkartearen lokalean, 08:30etatik 10:30etara. 20 euro izango dira orduan. Oleta 23 behea helbidean jaso daitezke dortsalak. Bilera 10:30etan hasiko da, ibilbidea eta arauak azaltzeko.

Denontzat gimnasio­arekin el­karlanean prestatu du­te ibilbidea, eta 7 kilometroko dis­tan­tzian 15 oztopo gainditu be­har­ko dituzte partehartzaileek. Helmugara iristean, edaria eta pintxoaren tiketa jasoko dituzte.

Gazteen lasterketan, 0 eta 5 urte bitartekoek laguntzarekin egin beharko dute ibilbide berezi bat. 11 eta 14 urte bitartekoek ere heldu batekin joan beharko dute. Eta 15 eta 17 urte bitartekoek bakarrik parte hartu ahal izango dute, heldu batek sinatutako baimenarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!