Amagoia Mujikak euskerazko Gabriel Aresti saria lortu du 'Azazkalak'ekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 17a, 00:00

Sarituak, Bilboko udaletxean, udal ordezkariekin eta Gabriel Arestiren senideekin.

Ipuin onenaren saria jaso du Hernaniko kazetariak euskerazko atalean, lehiaketaren 41garren edizioan.

Hernanin bizi eta usurbildarra den Amagoia Mujika Telleria saritu dute, Gabriel Arestiren omenez Bilboko Udalak antolatutako ipuin lehiaketan. Garako kazetariak, berak sortutako Azazkalak ipuinarekin lortu du saria irabaztea, euskerazko atalean. Astelehenean banatu zituzten Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren 41. edizioko sariak, Bilboko udaletxean.

Epaimahaiaren arabera, «ga­­iaren gordintasuna islatzen du, idazkera sinple baina zaindua erabiliz, sinbolismoz betetako eszena ederrak eraikiz». Horrez gain, adierazi du «kontakizuna sinesgarria» dela, nahiz eta neskato baten ikuspuntutik idaztea zaila izan. Azkenik, «elipsien erabilera neurtua eta aparta, baita pertsonaia nagusien eboluzioa ere» nabarmendu du epaimahaiak, ipuin biribila dela ondorioztatuz. 3.500 euroko saria jaso du Mujikak. Accesitak izan dira Oskar Azkona García bilbotarrarentzat, Trail running kontaketagatik eta Maitane Pérez Argote nafarrarentzat, Lurrikarak lanagatik.

Gaztelaniazko modalitatean, aldiz, Cesar Anguianoren Nuevo camino hacia el mar ipuina saritu dute lehenengo sariarekin. Accesitak Alisa Lein argentinarrarentzat (Bahía de los ángeles) eta Veronica Avilés Calderónentzat (Kintsugi) izan dira.

60 lan euskeraz, eta beste 1.358 gazteleraz

Guztira, euskerazko 60 lan eta gaztelerazko 1.358 kontakizun jaso dituzte. Euskerazko sorkun­tza lanen partehartzea haundituz doala nabarmendu dute antolatzaileek. Nazioarteko hain­bat herrialdetatik jaso dituzte lanak; esaterako, 198 Argentinatik, baita Kolonbiatik, Estatu Batuetatik, Mexikotik, Kubatik edota iberiar penintsulako herrialde ezberdinetatik. Sari banaketa ekitaldian izan ziren udal ordezkariak, Gabriel Arestiren senideak eta atal ezberdinetako sarituak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!