Hariak erresistentzia istorioen zinemaldiaren hirugarren edizioa antolatu du Hernaniko Udalak, azaroaren 7tik 17ra bitartean, Kulturarteko Plaza Feministan. Itsaso Lekuona Kooperazio zinegotziak, Irantzu Jauregi Lankidetza teknikariak eta Su Hernández Hariaken koordinatzaileak aurkeztu zuten atzo jaialdia. Kulturarteko Plaza Feminista zinema areto bihurtuko da zortzi egunez. Dokumentalak, solasaldiak, musika eta aurten, afrosaio bat ere izango dira.
Hernaniko Udaleko Lankidetza sailak sustatzen du Hariak zinemaldia, ahotsa emateko giza eskubideen urraketei, eta horien aurrean antolatzen, aurre egiten eta erresistitzen duten Euskal Herriko zein munduan barreneko protagonistei.
Aurtengo edizioan, memoriaren gaia hartu du ardatz Hariakek. Gai horri lotuta, ertz askotako eta eremu geografiko ugaritako istorioak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Dokumental emanaldiak eta punta-puntako solasaldiak
Euskal Herria, Palestina, Sri Lanka, India, Txile, Senegal, Espainia, Nigeria, Brasil... Hango eta hemengo errealitateak ezagutzeko aukera izango da zinemaldian.
Itsaso Lekuona zinegotziak azaldu zuen, aurten dokumental emanaldiak osatuko direla ondorengo solasaldiekin, «erresistentziak hobeto ezagutzeko eta kokatzeko». Punta-puntako hizlariak izango dira horietan: Bertha Gaztelumendi, Olga Rodríguez, Ebabba Hameida, Gontzal Martínez de la Hidalga, Teresa Toda, Quinddy Akeju eta Mahmoud Traoré, besteak beste.
Jatorrizko bertsioan izango dira emanaldiak, euskeraz edo gaztelaniaz azpititulatuta. Saio guztiak dohainik izango dira.
Inaugurazioa, Brasilgo doinuz
Hain zuzen ere, Hariakek duen beste xarmetako bat da ezohiko zinema areto bihurtzen dela Kulturarteko Plaza Feminista. Irantzu Jauregik baieztatu duenez, «oso ondo funtzionatzen du gune hau aprobetxatzeak zinema areto bihurtzeko».
Inaugurazio ekitaldia azaroaren 7an izango da. Brasilgo Lurrik gabeko Mugimenduari ahotsa emango zaio, eta Amanda Verrote ekofeminista eta ikerlariak azalduko ditu mugimendua ulertzeko gakoak. Ondoren, Lua Matheus eta Rodrigo Motarekin Brasilgo musikaz gozatzeko aukera izango da.
Webgunea estreinatuko du Hariak zinemaldiak
Hariaken jarraitzaileei zinemaldia jarraitzea errazteko, webgunea estreinatuko dute aurten: www.hariak.hernani.eus. Bertan, aurtengo edizioari buruzko informazio guztia aurkituko dute interesatuek, baita aurreko edizioen berri ere.
Su Hernandez zinemaldiaren koordinatzaileak azaldu duenez, «webgunea erabilterraza, erakargaria eta praktikoa» izateko intentzioarekin landu dute. «Webgune propioa izateak Hariak egonkortu egingo du, beste zinemaldi batzuen mailara heltzeko». Itsaso Lekuonak, bere aldetik, zinemaldira hurbiltzera animatu du jendea: «Lehendabiziko aldiz etortzen denak, errepikatu egiten du».
EGITARAUA
Azaroak 7, osteguna (18:00)
Inaugurazio ekitaldia:
- Ocupar, resistir e produzir!
-As feiras do MST eta solasaldia Amanda Verrone ekofeminista eta ikerlariarekin, Brasilgo Lurrik Gabeko Nekazarien mugimendua ulertzeko.
- Brasilgo musika Lua Matheus eta Rodrigo Motarekin.
Azaroak 8, ostirala (18:00)
Bye Bye, Tiberias eta solasaldia Olga Rodriguez nazioartean eta Ekialde Hurbilean aditua den kazetariarekin, Palestinako historiari eta egungo egoerari buruz.
Azaroak 9, larunbata
11:00: La vie d'une petite culotte eta solasaldia SETEMeko Ainhoa Bilbao Arkotxarekin, jantzigintzako langileen baldintzak hobetzeko federazioko kidea.
18:00: Matangi/Maya/M.I.A eta solasaldia Herrien Auzitegi Iraunkorreko Gontzal Martinez de la Hidalgarekin, Sri Lankako Tamil herriak bizi duen errealitatera hurbiltzeko.
Azaroak 10, igandea
11:00: Arnasa betean eta solasaldia Bertha Gaztelumendi zuzendariarekin, Euskal Herriko emakume zinegileei buruz.
18:00: La memoria infinita eta solasaldia Jasna Pauletich, Teresa Toda eta Begoña Gorosperekin, memoria kolektiboa dokumentatzeko estrategiez.
Azaroak 14, osteguna (18:00)
Writing with fire eta solasaldia Ebbabba Hameida Mugarik Gabeko Kazetariarekin, kazetaritza lanbidean emakumeek dituzten zailtasunei buruz.
Azaroak 15, ostirala (18:00)
Altsasu. Gau hura eta solasaldia Adur Ramirez de Aldarekin, auzi hartako auzipetuetako bat.
Azaroak 16, larunbata
11:00: Mothers eta solasaldia Herrialde Katalanetako Jaima Maternal elkarteko kideekin, haurdun geratzen diren emakume marokoar ezkongabeen testuingurua kokatzeko.
18:00: Samba, un nombre borrado eta solasaldia Mahmoud Traore dokumentaleko protagonistarekin eta Elin elkarteko Pilu Alba ekintzailearekin, Ceutako (Espainia) egoera azaltzeko.
Azaroak 17, igandea (11:00)
Mrs. F eta solasaldia Quinddy Akeju Europako Afrokolektibaren koordinatzailearekin, Nigeriako txabola auzoetako emakumeen ahalduntzea kokatzeko.