Karabelgo zubi zaharrari ez zaio denbora asko geratzen. Zubi berria egiteko lanak hasi dira, eta oraingoz inguruko landaretza garbitzen hasi dira. ondoren zubi berria egingo dute, zaharraren ondoan, eta zaharra bota.
Urumea ertzeko herrietan hainbat neurri hartzen ari dira uholdeek kalterik txikienak eragin ditzaten, eta Hernaniren kasuan horixe izango da bat. Izan ere, zubi zaharrak hanka asko ditu errioan, eta horrek zakar asko pilatuarazten du uholde garaian. Zubi berria hankarik gabea egingo dute.
Hitzarmena, uholdeak saihesteko
2012ko urrian akordioa sinatu zuten Urumea ertzeko hainbat instituziok eta Ura agentziak (eusko Jaurlaritza). Urumea Plana deitu zioten hitzarmenari eta uholdeen kalteak saihesteko guztira 18 ekintza egitea erabaki zuten. Ekintza horiek guztiak 2021 urterako bukatuta egotea aurreikusi zuten, eta 60 miloi euroko aurrekontua izango du obretan bakarrik, Ura agentziak finantziatua.
18 ekintza horietan esanguratsuenak aste honetan bertan albiste dira. txominenean urbanizazioa erabat berrituko dute, adibidez, eta lanak hasiak dira. Horrez gain, Hernanin Karabelgo zubia aldatzea erabaki zen, Loiolan, Martutenen eta egian bezala.
Karabel baserria bota
Zubi zaharrarekin batera, Karabel edo Karabele baserria ere botako dute, auzoari izena eman diona, eta garai batean baserri eta errota izana. Karabelgo urbanizazio berriaren parte da zubi berria, eta etxebizitzez gain, hor joango dira errotonda bat, eta Porturako oinezko bidea ere.