Hernani Burujabeko sektoreek onartu dute 1.913.974 euroko aurrekontua

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 16a, 00:00

Burujabetza Kontseiluko kideak bildu ziren pasa den ostiralean.

2025rako aurreikusi duten plangintza aurrera eramateko erabiliko dira, Burujabetzen Kontseiluan erabaki eta gero.

 

Aurreko ostiralean egin zen urteko laugarren Burujabetzen Kontseiluan, aurrekontuak eta barne araudia onartu ziren. Hernani Burujaberen koordinazio esparrua da Burujabetzen Kontseilua. 

Orotara, Hernani Burujaberen baitako sektoreek 1.913.974 euroko aurrekontua onartu dute, 2025rako aurreikusi duten plangintza aurrera eramateko.

Sektore bakoitzak bere aurrekontuak xehe azaldu zituen, eta gero kontu guztiak kontsentsuan onartu ziren, aho batez.

Aurten, lehenengoz, Hernani Burujabera bideratutako dirua batzar irekietan adostu da. Alegia, sektoreek erabaki ahal izan dute aurrekontu orokorraren norabidea. Duela lau urte Hernani Burujabe abian jarri zenetik, helburua izan du herritarrei itzultzea baliabideak planifikatzeko eta ekonomia kudeatzeko ahalmena.

Orain arte, sektoreen emaitzak bakoitzak beren aldetik ezagutu ditu, baina asmoa zen sektore guztiak artikulatu eta osotasunean bideratzea. Horretarako, eragile denen erritmoak bateratzeko, Hernani Burujabek planifikazio prozesua abiatu du aurten, eta prozesuaren koordinazio marko moduan sortu da kontseilua bera ere.

Kontseiluan hiru erpinek dute ahotsa: herritar taldeak, sektore ekonomikoek eta Hernaniko Udalak. Aurten barne araudia osatzeko lanean ibili dira, eta ostiralean behin-behineko testua onartu zuten. Bertan zehazten dira organoaren izaera, helburuak, betekizunak eta egituraketa, eta testuak aldaketarik izan arte irizpide moduan erabiliko dira.

Behin betiko aurrekontuak eta araudia Hernani Burujaberen webgunean eskuragarri izango dira laster.

 

Eolikoen inguruko lan taldea

Bestalde, Hernani inguruan egin asmo diren parke eolikoek kezka sortu dute, eta Burujabetzen Kontseiluak argi berdea eman dio Hernani Burujaberen baitan gaia aztertzeko lantalde bat sortzeari. 

Hernanin eta Urumea bailaran bi proiektu eoliko daudela jakin da azken hilabeteotan, eta horien inguruan oraindik informazio askorik ez badago ere, Hernani Burujabek eztabaida herriratzeko beharra ikusi du. Hitzaldi bat ere antolatu da.

Kanpotik ezarri nahi diren proiektu horien aurrean ze aukera dauden aztertzea helburu du taldeak, eta hainbat eragiletako kideek hartuko dute parte: Sagarreta Natur Taldeak, Enherkomek, Bidea Herritar Taldeak, Ereñotzuko Auzo Udalak eta Hernaniko Udalak izango dute ordezkaritza bertan. 

Eragile horien artean oinarrizko adostasun bat lortzea da helburua, ondoren Hernaniko herriarekin adostutakoa partekatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!