Asteklima sentsibilizazio kanpainan bost ekimen antolatu ditu Udalak

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 16a, 00:00

Astekliman sentsibilizazioa gazteenengan garrantzitsua da.

Urriaren 19tik 25era bizikleta martxa, kustomizazio tailerra, erakusketak eta ibilbide parte-hartzaileak izango dira herriko txoko ezberdinetan.

 

Urriaren 24a Klima Aldaketaren Kontrako Nazioarteko Eguna da. Klima aldaketa Hernaniko Udalaren agendan kezka eta lanerako ildo garrantzitsua da. Lanketa ezberdinak ari da egiten honekin lotura, eta hor kokatu daiteke larunbatetik urriaren 25era izango den Asteklima ere, klima aldaketaren inguruko Euskadiko sentsibilizazio astea.

Asteklimaren baitan, bost ekimen antolatu ditu Udaleko Ingurumen sailak. Horietako bat, Urumea ibaiaren garbiketetan ateratako hondakin bereziak eta datuak ikusarazteko Gudarien plazan ikusgai jarriko den hondakinen erakusketa izango da.

 

Oihal eta arropen kustomizazio eta konponketa maratoia

Udalak antolatu duen egitaraua adin guztietako herritarrek parte hartzeko modukoa izango da. Esaterako, bizikleta martxa musikatuak Urbietatik abiatu eta herriko ikastetxeak lotuko ditu. Horietan guztietan geldialdiak egingo dira, indarrak hartzeko.

Urriaren 22an arropak kustomizatu eta konpontzeko tailerra izango da, Planeta Dots-en laguntzarekin. Euren furgoneta Oleta kalera iritsiko da, autokonponketa tailerraren parera. «Astearteak autokonponketarako egun erreferentzial bihurtu nahi ditugu», azaldu du Tamara Zapiain Hondakinen Prebentziorako teknikariak.

Hiru orduko kustomizazio maratoia izango da egun horretan. Hamar mahai jarriko dituzte Oletan eta norberak etxetik eraman ditzake konpondu edo kustomizatu nahi dituen oihal eta arropak. Parte hartzeko ez da izena eman beharko.

 

Babesgune klimatikoen ibilbide parte-hartzailea

Klima aldaketari aurre egiteko, babesgune klimatikoak identifikatzeko lanean ari da Hernaniko Udala. Asteklimaren baitan, herritarrekin parte-hartze saio bat egin nahi du, babesgune klimatikoen Hernaniko ibilbideak identifikatzen laguntzeko.

Saioa ibiltaria izango da, heldu zein haurrek egiteko modukoa: Udalak herritarrei helaraziko dien mapa batzuk eskuetan, Hernaniko babesgune klimatiko batetik bestera joateko bideak proposatzea izango da saioaren helburua, baita bide horietan topatzen diren traba eta arazoak identifikatzea ere.

Saio ibiltarian parte hartzeko izena eman behar da: ingurumena@hernani.eus-era idatzi edo 687 50 83 36ra deituta. Gaurtik hilaren 22a arte egongo da horretarako aukera.

 

Klima Azoka Hernanira helduko da

Azkenik, urriaren 25ean IHOBEren Klima Azoka iritsiko da Hernanira. Zinkoenean zazpi stand koloretsu jarriko dituzte, klima aldaketarekin lotura duten beste hainbeste gairi buruz herritarrak informatzeko. Goiz eta arratsaldez egongo da erakusketa zabalik. Goizean, ikastetxeekin saioak izango dira bertan.

Asteklimaren antolakuntzan, JOCC eta Urzain elkarteen laguntza izan du Udalak.

 

EGITARAUA

HERNANI

Urriak 19, larunbata: Bizikleta konpontzeko oinarrizko tailerra (09:00-12:00, Urbieta kalea).
Bizikleta martxa musikatua (10:00, Urbieta kaletik).
Ginkana (10:00, Urbieta kalea).

Urriak 21-25: Erakusketa (Gudarien plaza).

Urriak 22, asteartea: Arropa kustomizazio eta konponketa tailerra (Oleta kalea, 16:30-19:30).

Urriak 23, asteazkena: Hernaniko babesgune klimatikoak lotzeko ibilbide parte-hartzailea
(Atsegindegi, 17:00-Biteri Kultur Etxea, 19:30).

Urriak 25, ostirala: Klima Azoka, (Zinkoenea, 11:30-14:00/17:30-20:00).

Oharra: Euria eginez gero, ekintza guztiak Atsegindengin izango dira.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!