Zaintza eta familia eredu berrietara egokitzeko hobekuntza onartu da

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 15a, 00:00

Hernaniko Udaleko langileek familia loturarik gabeko pertsonengatik baimenak hartzeko eskubidea izango dute.

Hernaniko Udaleko langileek familia-loturarik gabeko baina harreman afektibo bereziko pertsonengatik baimenak hartzeko aukera izango dute 2025etik aurerra. Gisa honetako baimena aintzat hartu eta lan hitzarmenean txertatu du.

Gizartea aldatzen ari da eta baita familia-loturak ere. Garai bateko odolezko zein ezkontza-loturako familiatik aparte, gaur egun, aniztasun handiagoa dago familia ereduetan eta, maiz, odoleko edo ezkontza harremanek baino, bestelako harreman batzuk estuagoak dira.
Horri erantzutera dator Hernaniko Udaleko Loturogramen araudia. Honela, Hernaniko Udaleko langile bakoitzak odolezko edo ezkontza ahaidetasunik ez duen lau pertsona izendatu ahal izango ditu. Haien zaintza eta baimenak odolezko edo ezkontza-ahaidetasunezko lehenengo, bigarren eta hirugarren mailako senitartekoen berdina izango da.

 

Hernani, zaintzen duen herria

Iazko azaroaren 30eko greba feministak zaintza eredu berriak ere aldarrikatzen zituen. Hain zuzen ere, greba feministako aldarrikapenetako batetik tiraka landu du proposamena Hernaniko Udaleko Enpresa Batzordeak.

Hernaniko Udaleko langileek eta Gobernu Taldeak bat egin zuten mugimendu feministaren grebarekin, baita haien aldarriekin ere. Hori dela eta, zentzuzkoa da zaintza-eredu berriak esploratzea eta behar berrietara egokitzea. Izan ere, Hernanin zaintza erdigunean dago. Berri hauek gure herrian lantzen ari den zaintzaren estrategiarekin lerrokatuta daude: Auzozaintza, etxez etxeko langileen lan-baldintzen hobekuntza...

Proposamena Hernaniko Udaleko Gobernu Taldearen eta Langile Batzordearen artean landu eta adostu da. Ondoren, aurreko asteko udalbatzarrean aho batez onartu zen Loturagramen bidezko baimenak hartzeko aukera

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!