Ekhilur moneta propioarekin lotutako bi ekimen berezi izango dira datozen asteetan gurean: batetik, sistema bera bisibilizatzeko erakusketa ibiltaria eta bestetik, Berriak merkatarien elkarteak abian jarriko duen hobari propioen kanpaina.
Hernaniko Udalak Ekhilur kooperatibarekin eta Berriak elkartearekin dituen lankidetza-hitzarmenen emaitza dira ekimen hauek. Hiru eragileetako ordezkariek elkarrekin aurkeztu zituzten pasa den astean. Bertan izan ziren Patxi Ibarguren, Tokiko Garapeneko zinegotzia; Alex Lopez, Ekhilurreko kidea eta Mertxe Jimenez, Berriak elkarteko teknikaria.
‘Guk ikusten dugu... eta zuk?’, kanpaina ibiltaria
Atzotik, Ekhilur sistema herritarren artean ezagutzera emateko eta hernaniarren inplikazioa haunditzeko, abiatuko da kale-erakusketa ibiltaria. Herriko zenbait plaza eta gunetan, ordainketa-sistema propioa ezagutarazi eta orain arte Hernanin lortu diren emaitzak kaleratuko dira. «Moneta propio bat edukita zer nolako Hernani lortu dezakegun erakutsi nahi eta behar dugu», azaldu zuen Patxi Ibarguren Tokiko Garapeneko zinegotziak.
Ibargurenek «sistemaren izaera sozialean» azpimarra jarri zuen aurkezpenean. «Ordainketa sistematik haratago doa; tokiko ekonomia eta komunitatearen garapena bultzatzen duen ekimena da Ekhilur».
Alex Lopez Ekhilurreko kideak gaineratu zuenez, «guztion ardura da komunitatearen garapena, eta sistema honen bidez edonork egin dezake bere ekarpena. Hori balioan jarri eta bisibilizatzea izango da Guk ikusten dugu... eta zuk? kanpainaren erronka».
Izan ere, «moneta propioarekin komunitatea sendotu (elkarteen eta herritarren elkarlanean oinarritutako ekonomia bultzatuz), erosketa ohituretan eragin (herritarren erosketa ohiturek herriko ekonomia indartzeko ahalmena dute); proiektu berriak sustatu (eredu ekonomiko eta sozial berri batean aurrera egiteko) eta herriko kate-ekonomikoan eragina du (ekonomia burujabetza sustatuz)», azpimarratu zuten kanpainaren bultzatzaileek.
Berriak elkarteak %7ko hobari kanpaina egingo du
Ekhilur sistemarekin erosketak egiten dituztenei hobariak eskaintzen dizkiete Hernaniko Udalak eta herriko komertzioek. Hobari horiek ordainketa guztietan aplikatzen dira (bai herritarren erosketetan eta baita profesionalen artean ere).
Udalak hilero 12.500 euro bideratzen ditu hobari horietara. Udal hobariak erabiltzaile guztien esku daude, Ekhilurreko bazkide izan ala ez. Orain, Berriak elkarteak bere hobari propioa martxan jarriko du elkarteko establezimenduetan. Hauek, Ekhilurreko bazkide diren erabiltzaileentzat izango dira.
Urtea hasi zenetik, merkatariek 4.000 euro bideratu dituzte hilero, bataz beste, herritarrei hobariak ematera.
«Hilabetea bukatu aurretik agortu ohi da Udalak hobarietara bideratutako diru-kopurua. Urriaren 31 arte -udal hobariak agortzen direnetik hasita-, Berriakeko komertzioek %7ko hobaria eskainiko dute Ekhilur sistemarekin ordainketak egiten dituztenei.
Honela, Berriakeko saltokietan bi hobari jasotzeko aukera izango dute herritarrek: dendak eskaintzen duena eta Berriakek eskainiko duen %7a.
Mertxe Jimenez Berriakeko teknikariak azaldu zuenez, «gure helburua, betidanik, herritarren erosketa ohituretan eragitea izan da eta Ekhilur sistema horretarako eraginkorra dela ikusi dugu. Hilabete bukaeran ere herrian erostera animatu nahi ditugu herritarrak eta, aldi berean, gure elkarteak sektorean duen indarra erakutsi».