Desenpatean irabazi zuen Hernanik Bera Beraren aurka, partidu berdinduan

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 15a, 00:00

Oso maila onean hasi du liga Euskal Ligako mutilen taldeak.

Jokatutako bi partiduak irabaztea lortu dute Euskal Ligako mutilek.

Denboraldia ondo baino hobeto hasi du Hernaniko Boleibol Elkarteko Euskal Ligako mutilen taldeak. Lehenengo jardunaldian 3-1 irabazi zuten etxean Sestaoren aurka, eta bigarrenean ere garaipena lortu dute, oraingoan etxetik kanpo. 

Bera Beraren kantxan jokatu zuten norgehiagoka lehiatua. Desenpataraino iritsi behar izan zuten, eta set erabakigarrian gehiago izan ziren hernaniarrak. Lehenengo bi setetan nagusitasun haundia erakutsi zuen Hernanik; 15-25 eta 18-25 izan ziren lehenengo partzialak. Hala ere, hirugarren setetik aurrera indarberritu egin ziren donostiarrak, eta markagailua iraultzea lortu zuten 25-20 eta 25-19 irabazita. Desenpateko setean Hernanik berriro hartu zuen jokoaren jabetza, eta 5-15 gailenduta eskuratu zuen partiduko garaipena. 

Asteburu honetan Arrasaten jokatuko du taldeak, Arizmendi Ikastola taldearen aurka. Arrasatearrek jokatutako bi partiduak galdu dituzte, eta hirugarren garaipenaren bila joango da Hernani.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!