Iaz, Gipuzkoako Euskal Kantu Txapelketako irabazlea hernaniar bat izan zen: Iosune Marin. Eta aurtengo edizioan ere, Gipuzkoako ahotsik preziatuena hernaniar batena izateko aukerak badira. Izan ere, bertan izango dira Ane Galardi eta Arantxa Aira.
Bi kanporaketa izango dira eta Galardik lehenengoan hartuko du parte. Hori bihar izango da Lezoko Gezala auditoriunean, 18:00etan. Airak, urriaren 23an abestuko du Bergarako Za ba lotegi aretoan, 18:00etan. Fi na la azaroaren 27an izango da, Donostiako An tzoki Zaha rrean, 18:00etan.
‘Noizbait’ eta ‘Askatasunez’, Galardiren bi abestiak
Ane Galardik 16 urte ditu, Hernaniko Musika eskolako ikaslea da txikitatik eta gitarrako irakasleak bultzatuta anima tu da txapelketara. Pixka bat urduri dagoela dio, «baina ez gehiegi». Izan ere, 3 aldiz parte hartu izan du 16 urtetik beherako kantu jaialdietan. Lehenengo bietan taldean aritu da eta iaz, bakarrik abestu zuen, gitarra lagun. Bihar, berak sortutako (hitzak eta mu - sika) bi abesti aurkeztuko ditu: Noizbait eta Askatasunez. Pop estilokoak dira biak.
Aira, bigarren urtez
Arantxa Airak badu esperientzia Gipuzkoako Kantu Txapelketan. Iaz ere parte hartu zuen eta esperientzia polita izan zela-eta, aurten ere animatzea erabaki du. Kupela taldearen Txakolina kanta abestuko du. Airak ere 16 urte ditu eta Musika Eskolan ibili zen bi urtez, orain dela urte dexente. Egun, bere kasa abestu eta entsaiatzen du. Iazko esperientzia baliagarria izango zaion galdetuta, agian lasaiago egoteko balioko diola azaldu du, baina gainerakoan, egunean bertan ikusiko dela. «Gainerako par taideak ez ditut ezagutzen», dio. Alde horretatik, Galardik nabarmendu duenez, «aurten maila altua dagoela esan didate».
26 partaidetatik, 12 finalera
Denera, 26 partaide izango dira (bakarlari, bikote eta taldeak dira) eta denen artean 34 abesti aurkeztuko dituzte. Horietatik 13, sortutako lan berriak izango dira. Bi kanporaketak kontuan hartuta, puntuazio altuena lortzen duten 12 partaide pasatuko dira finalera (15 ere izan daitezke).