Familia Gunearen izaera adosteko saioa, etzi

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 14a, 00:00

Urriaren 16an izango da lehenengo saioa, eta 30ean bigarrena. Biak arratsaldeko 17:30etan hasiko dira.

Uztailean hasi zituen Hernaniko Udalak Familia Gunea prestatzeko lanak, eta azaroan ateak irekitzea da aurreikuspena. Horregatik, lokalaren nolakotasuna, izaera eta funtzionamendua zehazteko bi saio antolatu ditu.

Lehenengo saioa asteazken honetan izango da, urriaren 16an, arratsaldeko 17:30etan. Bigarren hitzordua, berriz, hilabete bukaeran jarri dute, hilaren 30ean. Bi bilerak Familia Gunean bertan egingo dira, Gartzia Goldaratz kaleko 7. zenbakian. 

Hernaniko Udalaren helburua da 0 eta 9 urte bitarteko haurrentzat eta haien guraseontzat erreferentziazko eremu bat sortzea: «Haur eta familientzako espazio itxi bat eskaintzera dator Familia Gunea, eguraldi txarra egiten duenean asialdiko denbora elkarrekin pasatzeko leku goxoa izateko». Hori ahalbidetzeko, zenbait eremutan banatuko dute lokala: espazio ireki haundi bat, biltegia, komuna eta edoskitze gela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!