«Herriko dinamika aldatu egin da, baina mobilizatzeko premia ez»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 13a, 00:00

Etxera Egunean egindako hitzaldiko irudia.

Hernaniko Sarek eta Etxeratek ohar baten bidez jakinarazi dute berritasun batzuk txertatuko dituztela azken ostiraletako elkarretaratzeetan.

Maiatzean iragarri zuten Hernaniko preso eta iheslarien senideek ostiraleroko kontzentrazioak hilabeteko azken ostiralera murrizteko hautua. «Indarrak neurtzeko eta herritar gehiago bertaratzeko» asmoarekin egin zuten aldaketa, eta bide horretan beste aldaketa batzuk prestatu dituzte Hernaniko Sarek eta Etxeratek.

Hilabeteko azken ostiraletako mobilizazioak indartzeko zenbait berritasun txertatuko dituzte. Esaterako, «ikusgarritasun haundiagoa» lortzeko, kontzentrazioa egin beharrean kale buelta egitea lehenetsi dute. Horrez gain, herritarrak inplikatzeko deialdi zehatzak egingo dituzte, bertako eragileekin zuzenean kontaktatuta: «Asmoa da, hilero, alor jakin bateko herritar multzoak parte hartze berezia izatea ekimenean. Hala, hilabete bakoitzean azken ostiraleko deialdia egitearekin batera, kasuan kasuko eragileen berri emango genuke», azaldu dute ohar bateratuan.

Sareko eta Etxerateko kideen hitzetan, jendearen inplikazioa «beharrezkoa» da «korapiloa errazago askatzeko»; izan ere, azaldu dute oraindik ere presoei «oinarrizko eskubideak ukatzen» zaizkiela: «Aurten soilik 32 gradu aldaketa egin dira, eta askoz gehiago egin behar ziren. Izan ere, legeria arrunta aplikatuz, gaur egun ehun presok baino gehiagok kalean egon beharko lukete; baimenen bidez askoz ere preso gehiago aterako lirateke kalera eta, zalantzarik gabe, 70 urtetik gorakoak hirugarren graduan edo askatasunean egotea lortuko litzateke».

Gauzak horrela, azken urteetan «egoera aldatu dela» jakin arren, mobilizatzen jarraitzeko premian jarri dute azpimarra Sarek eta Etxeratek: «Herriko dinamika aldatu egin da, baina mobilizatzeko premia inola ere ez. Denok batera indar haundiagoa egingo dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!