Ohiturari eutsiz, abuztuko jaien ostean, Portu Eguna ospatuko dute asteburu honetan auzotarrek. Biharko jarri dute hitzordua, eta eguerditik iluntzera bitarte izango da gozatzeko aukera auzoan. Festa giroan auzokideak elkartzeko eta elkarrekin ospatzeko eguna izango da.
12:00etan hasiko da egitaraua, auzotarren arteko patata tortilla txapelketarekin. Bakoitzak tortilla bere etxean egin beharko du, eguerdian denak elkartu eta lehiaketa egiteko. 13:00etan egingo dute sari banaketa, eta bi onenak sarituko dituzte: irabazlearentzat, bi lagunentzako bazkaria, Fagollaga jatetxean; eta bigarrenarentzat, birentzako bazkaria Tripontzin.
Auzo bazkaria egingo dute eguerdian, eta 14:30etan jarri dute hitzordua. Horretarako, tiketak aste honetan zehar egon dira salgai. Eta arratsaldeko 18:30etan, eguna borobiltzeko, erromeriaren txanda izango da, Bide Batez taldearekin. Dantza eta kantu artean amaituko dute ospakizuna.