Joan den larunbateko porrota ahaztu, eta garaipenen bidera bueltatu nahi du Hernanik, nesken Euskal Ligan. Getxon ariko dira igande honetan, Bizkeneskak taldearen kontra, arratsaldeko 16:00etan Boluen.
Ligako 15garren sailkatua da Bizkeneskak, eta garaipen bakarra lortu du aurreneko bost partiduetan; beste lauak galdu egin ditu. Hori horrela, aukera ona dauka Hernanik, bere joko maila onena berreskuratu eta hiru puntuak ekartzeko.
Mutilen Ohorezko Erregional Mailan, berriz, etxean ariko da Hernani, igandean. Mutrikuren bisita jasoko dute berdeek Zubipen, eguerdiko 12:00etan. Azkeneko bi partiduak galdu ondoren, bigarren garaipena lortu nahi dute etxean. Mutrikuarrak, aldiz, oraindik galdu gabe dira denboraldi honetan, partidu bat irabazi eta hiru berdinduta.
Mundarroko mutilek, Errenterian zita
Puntuak hirunaka pilatzen hasi nahi du Mundarrok ere, mutilen Erregional Preferentean. Astigartarrek berdindu egin dituzte aurreneko hiru partiduak, eta Errenterian ariko dira larunbat honetan, estreinako garaipenaren bila. Touringen kontra jokatuko dute Fanderian, arratsaldeko 17:30etan hasita.