Asteburu honetan ekingo dio Hernani Errugbi Elkarteko Ohorezko B Mailako taldeak denboraldi berriari. Atsedenaldi eta prestaketa garai luzearen ondoren, Real Oviedoren bisita jasoko dute igande eguerdian Landaren, 12:00etan hasita.
Aurreko denboraldian, taldeak ezin izan zuen igoera fasea jokatzeko txartela eskuratu, eta aurtengoan hori lortzea izango da helburua. Horretarako, ezinbestekoa da lehenengo partiduetan emaitza txukunak lortzea, sailkapeneko goiko postuetan finkatzen joateko.
Hernanirekin batera, ondorengo hamaika taldeek osatzen dute lehenengo fase honetako A multzoa: Santander, Uribealdea, Gipuzkoa Sortzen, Gernika, Getxo, La Única, Pasek Belenos, Gijon, Gaztedi, Oviedo eta Uni Bilbao.
Itzuli bakarrera erabakiko da fasea, eta bost partidu jokatuko dituzte Landaren.
«Lehenengo hiru partiduak oso garrantzitsuak izango dira»
Denboraldi berriari ekiteko taldea sendo eta motibatuta ikusten du Anartz Elosegi hernaniarrak: «Talde gaztea da gurea, baina iaz baino esperientzia gehiago daukagu. Pare bat baja izan ditugun arren, oinarria mantentzea lortu dugu».
Aurkariei buruz galdetuta, lehenengo fasea gogorra izango dela nabarmendu du: «Gainontzeko taldeak ondo indartu dira, eta lehenengo mailatik jaitsitako Belenos daukagu multzoan. Igoera fasean sartzeko talde gehiago arituko gara lehian, baina baikor gaude. Aukerak dauzkagu sailkatzeko».
Helburua lortzeko bide horretan, Oviedoren aurkako debuta garrantzitsua izango dela argi dauka Elosegik: «Lehenengo hiru partiduak oso garrantzitsuak izango dira. Emaitza onak lortuz gero, lan erdiak eginda izango ditugu».
Abonatzeko aukera, gaur
Errugbi Elkarteak martxan dauka aurtengo abonatuen kanpaina. Gaur bertan Kale Nagusiko Balantxa dendan egongo dira, arratsaldeko 17:00ak eta 20:00ak bitartean, eta bertan harpidetzeko aukera izango dute herritarrek. Horrez gain, Landareko bulegoetan egunero dago abonatzeko aukera, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 17:00etara.
Igandeko partiduan ere Landareko sarreran jarriko dute postua, harpidetzak sustatzeko.