Protagonismo berezia izango dute Hernaniko sortzaileek udazken honetan, herriko kultur agendan, musikan, arte plastikoetan eta antzerkian egin diren lanez gozatzeko aukera izango baita. Urritik abendura bitarteko programa osatu du Hernaniko Kultura sailak, eta tartean izango dira musika, dantza eta literatura emanaldiak. Bihar jarriko dira emanaldietako sarrerak salgai, Biteri kultur etxean eta online, kultura.hernani.eus webgunean.
Musika, gaurtik hasita
Gaur hasiko da udazkeneko musika eskaintza, bailarako musikariekin: Xabi Elizegi eta Irati Jauregi hernaniarren eta Beñat Kamio ereñotzuarraren Karena taldeak kontzertua eskainiko du.
Bestalde, dantza emanaldi bat ere izango da urriaren 24an, Aukeran konpainiaren eskutik: 'Migratzaileak'. Satxa Soriazu musikariak 'The megadeth project' aurkeztuko du azaroaren 14an, eta Iñigo Montero saxofonistak gradu amaierako kontzertua emango du abenduaren 5ean.
Urte bukaeran, berriz, zutikako kontzertua izango da, eta Idoia Asurmendi aramaioarra zuzenean ikusi ahal izango da.
Antzerki zikloa, azaroan
Azaroaren 26tik 28ra egingo da udazkeneko antzerki zikloa, eta hiru emanaldi barnebilduko ditu, bi euskaraz eta bat gazteleraz. Hirurak Euskal Herriko konpainiek sortutakoak dira: 'Miñan' (Artedrama), 'El patio de las moreras' (Vaiven teatro) eta 'Futbolistoc' (Zuhaitz Gurrutxaga). Antzerki zikloko bonoa ere jarriko da salgai bihar, 20 euroren truke hiru emanaldietara sartzeko aukera eskainiko duena. Bonoak Biterin soilik eskuratu daitezke.
Haurrentzako lau antzerki saio ere izango dira, tartean Euskalbarook Ensembleren 'Euskelele' lana, abenduaren 12an, Musika Eskolako haurren abesbatzak lagunduta. Abenduaren 19an, Andoni Mutiloa hernaniarraren 'Nire fantasia' kabareta ikusteko aukera ere izango da.
Euskerazko komiki azoka
Hernani euskerazko komikigintzaren epizentro bilakatzeko saiakeran, Hernaniko Udal Liburutegiak HernaniKomik antolatu du, azaroaren 15 eta 16rako. Liburutegiko hiru irakurle taldeak ere abian dira hileroko saioekin: euskerazkoa, gaztelerazkoa eta feminista. Horrez gain, ipuin kontaketa saio berezia izango da urriaren 23an, 8-10 urteko haurrentzat: Edurne Mitxeok 'Gau Beltza' kontaketa antzeztua eskainiko du.
Erakusketa sorta
Lau erakusketa izango dira datozen hilabeteetan, Biterin. Udalbiltzaren 'Geuretik Sortuak' programarekin sortutako komikien erakusketa bihar arte dago ikusgai. Aurrerantzean, beste hiru; tartean, Hernaniko Uxue eta Miren Bereziartua ahizpek sortu duten 'Gure herriko señorak'.