Udal tasen eta zergen igoerarekin kritiko agertu da Hernaniko PSE-EE

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 9a, 00:00

Hondakinen tasaren igoeran jarri du azpimarra Ricardo Crespo bozeramaileak. 

Iraileko bilkuran onartu zuen Hernaniko Udalak tasen eta zergen igoera. EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin atera zen aurrera ordenantza fiskalaren aldaketa; EAJ abstenitu egin zen eta PSE-EE izan zen aurka bozkatu zuen bakarra. 

Ricardo Crespo Hernaniko PSE-EEko bozeramailea oso kritiko agertu da erabakiarekin, eta hondakinen tasan jarri du azpimarra: «%30 igoko 2025ean, 2026ean eta 2027an; hau da, %90 datozen hiru urteetan. Horrek esan nahi du Hernaniko etxebizitza batean 2024ko seihilekoan 56 euro ordaindu dituenak 2025ean 72,8 euro ordaindu beharko dituela, eta 2027an 123 euro». 

Cresporen iritziz «Ezker Abertzalearen kudeaketa» da igoeraren «erruduna»: «2011n Ezker Abertzaleak herritarrei galdetu gabe erabaki zuen Atez Ateko bilketa sistema ezartzea. Orduan salatu genuen, beste gauza askoren artean, edukiontziena baino sistema garestiagoa zela». Gauzak horrela, PSE-EEko bozeramaileak nabarmendu du ez daudela prest «kudeaketa txar horretaz arduratzeko». 

Alderdi sozialistatik gehitu dute beste bilketa sistema baten aldeko apustua egiten jarraituko dutela: «Birziklapenarekin eta gaikako bilketarekin konprometituta gaude, baina kudeaketa eraginkorrago eta desberdinago batekin lor daitekeela uste dugu. Horregatik eman dugu hain igoera haundiaren aurkako botoa».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!