'Culpables' Kubako blokeoari buruzko dokumentala proiektatuko dute gaur Biterin

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 9a, 00:00

Arratsaldeko 18:30etan hasiko da gaurko emanaldia. Azaroan ospatuko den 'Hariak' zinemaldiaren prebia izango da.

Gaur arratsaldean 'Culpables' dokumentala ikusteko aukera izango da Biteri Kultur Etxeko aretoan. 18:30etan hasiko da Kubako blokeoari buruzko lanaren proiekzioa, eta Hariak erresistentzia istorioen zinemaldiaren prebia izango da. 

Yami Ravelo zuzendari kubatarrak sortutako dokumentala da. «2023 bukaeran Bruselan AEBek Kubaren kontra indarrean duten 60 urte baino gehiagoko blokeoaren kontrako epaiketa ez loteslea jaso du bertan», azaldu dute Hernaniko Udaletik. Dokumentala bukatzen denean Ravelok berak hartuko du hitza, eta solasaldi txiki batekin itxiko du saioa.

Aurtengo Hariak erresistentzia istorioen zinemaldia azaroaren 7tik 17ra ospatuko da. Kulturarteko Plaza Feministan izango dira emanaldi horiek, eta bertan «Euskal Herriko eta mundu zabaleko erresistentzia istorioei» egingo diete tokia, dokumental emanaldiekin eta solasaldiekin.  

Blokeoaren aurkako mozioa onartu zuten plenoan

Hernaniko Udaletik jakinarazi dute bertakoa izan dela Kubaren blokeoaren aurkako mozioa onartu zuen Euskal Herriko lehenengo udala: «Joan den uztailean, aho batez onartu zuen udalbatzarrak 'Utzi Kubari arnasa hartzen: AEBko blokeoaren amaieraren alde, aktiba dezagun euskal elkartasuna' mozioa, Euskadi-Kuba, Desembarco de Granma eta Siera Maestra-Euskadi elkarteek aurkeztua».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!