Azken asteetan egin dituzte Hernani Burujabe osatzen duten sektoreetako batzarrak. Datorren urterako erronkak eta plangintza zehaztu ditu sektore bakoitzak, orain arte egindako ibilbidea sakon aztertuta. Hernani Burujabetik adierazi dute martxan jarri dituzten proiektuak indartzea dela helburu nagusia, baina zenbait proposamen berri ere garatuko dituzte epe laburrean. Horien artean dago herriko auzo guztietara iristeko nahia.
Zaintza
Zaintza sektorearen helburu nagusia Auzozaintza programa auzo guztietara zabaltzea da. Orain arte emaitza oso onak eman ditu Auzozaintzak: 84 pertsonekin ari dira lanean, Hernaniko zortzi auzo baino gehiagotan.
Eltzekadei dagokienez, balorazio positiboa egin dute, eta uda baino lehenago jarraipena izango du egitasmoak.
Elikadura
Sektore hau Henasek, Herrilurrek eta Transformazio Guneak osatzen dute batik bat. Kasu honetan ere auzoetan presente egotea da sektoreko kideen nahia, tokiko produktuak jasotzeko puntuak martxan jarrita.
Energia
Enherkomek eskuartean duen erronkarik haundiena autokontsumo partekatuarena da. Zubipeko instalaziotik 88 familia ari dira energia jasotzen. Ibaiondoko instalazioa bukatzear dago jada, eta urte amaierarako beste 90 familiak energia jasotzea da aurreikuspena. Horrez gain, 2025ean zehar udal eraikinen gainaldean instalazioak eraikitzeko asmoa dute.
Moneta
Ekhilurren erabilera dexente haunditu da azken urtean; 626 bazkide ditu kooperatibak, eta 1.300 erabiltzaile monetak. Ekimena dimentsio haundia hartzen ari denez, garapen teknikoak egingo dituzte datozen hilabeteetan. Erronka haundienetakoa da hornitzaileak Ekhilur sistemaren barruan sartzea.
Bioaniztasuna
Inguruak naturalizatzen jarraitzeko eta baso lurrak publifikatzeko plangintza ondu dute Bioaniztasun sektoretik. Dagoeneko martxan dute Katamotzarriko proiektua, Udalak jada erosi du 70 hektareako baso saila, eta horren kudeaketa planifikatzen ari da Sagarreta.
Horrez gain, beste zenbait lan ere badituzte martxan; hala nola, Hernaniko zuhaitz eta landarediaren liburua edota Zuhaitz Mintegia.