Bukatu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenak, eta zapore gazi-gozoa utzi dute azkeneko saioko emaitzek, Hernaniko Bertso Eskolan. Oso gozoa, Asier Azpiroz zubietarrak lortutakoa: bigarren izan zen Azpeitian, baina Maider Arregi irabazlearen puntuazio berberarekin (489,5 puntu). Hori horrela, final laurdenetara pasea lortu du, eta Azkoitian ariko da urriaren 26an, Eli Pagolarekin batera.
Larunbateko saioak utzitako zapore gazia, Osiñagako Andoni Mujikari dagokio. Azpeitiko puntuazioen pendiente zegoen 'Anatx', eta behar zuen gehienez hiru bertsolarik gainditzea bere puntuazioa (450), aurrera egiteko. Saio horretako bost bertsolarik gainditu zuten langa, ordea, eta 26garren sailkatu da azkenean (24 pasa dira final laurdenetara).
Erabakita geratu dira final laurdenetako saio guztiak, eta zain zeuden bertsolariek badakite non abestuko duten. Eñaut Martikorena hernaniarra Irunen ariko da urriaren 27an, eta Unai Gaztelumendi añorgarra Errenteria izango da urriaren 20an, Beñat anaiarekin batera.