Duela 17 urte Kronikan

«Askotan izenaz gain ‘entxufe’ pixka bat ere behar izaten da txapelketa garrantzitsuetan aritzeko»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 7a, 08:28

Beñat Aizpitarte eta Paul Ojuel pelotariak.

2007ko urriaren 7ko Kronikan argitaratutako erreportajea
Ikusi egun horretako Kronika osorik hemen

Paul Ojuel eta Beñat Aizpitarte pelotariak
Aurrelari gazteak biak, 19 urtekoak. Paul eskubia eta Beñat ezkerra. Lehenak maila oso ona eman du udan bi txapela jantzita, eta punttupunttuan dago Gipuzkoako txapelketarako. Bigarrenak aldiz, lesiotik errekuperatu eta martxa hartzen hasteko asmoa du. Biekin hitz egin dugu udako txapelketez eta hauen inguruko asuntoez.

Udaren balorazio txiki bat egin. Zenbat partidu eta txapelketa jokatu dituzue?
Beñat: Niretzako uda eskasa izan da. Pare bat txapelketa bakarrik jokatu ditut. Uztailean, Errenterian lesionatu nintzen, eta orduz geroztik, arazoekin ibili naiz. Tartean, berriro jokatzeko saiakera egin nuen, baina Aginagan berriz min hartu nuen. Paul: Nik uda partiduz betea izan dut. Ostiral gehienetan jokatzen aritu naiz. Lau txapelketatan parte hartu dut eta ez naiz ia geratu ere egin udan.

Zenbat denbora daramazu arazo horiekin Beñat?
Uztailean lesionatu nintzen, Errenteriako torneoan sorbalda atera nuen eta ez naiz errekuperatu oraindik. Gimnasioan aritzea tokatzen zait orain, sorbaldako giharrak indartzeko, eta ezin naiz pelotarekin hasi. Gainera, Aginagan proba egin nuenean berriro lesionatu nintzen bolea bat jotzerakoan, beraz, frontoietara bueltatzeko dezente
falta zait.

Joko maila ona ematen ari zaretenean partidu gehiago jartzen al dizkizuete?
Edo, zeren arabera izaten da hori?

Bai bai, hala da. Maila ona ematen ari direnei leku gehiagotatik deitzen diete. Bikote nibelatuak osatzearen baitan ere badago kontua. Halere, txapelketa guztietan egoten da bikote faboritoren bat.

Partiduengatik, udako parrandak galtzea tokatzen zaizue batzuetan. Garrantzi handia ematen al diozue horri?
Badu bere inportantzia. Baina esfortzua egin behar izaten denean, ba, egiten dugu. Batzuetan lagunak festan dabiltzanean, guk etxean geratu behar izaten dugu, baina partiduaren ondoren ere egoten da horretarako aukera (parrez). Jokatzeagatik irabazitako sosek ere goxatuko dute etxean geratu behar izan hori. Bai bai, noski laguntzen duela horrek. Egindako esfortzuagatik emandako saria da.

Udan lortutako bi txapelek moral handia eta fama pixka bat emango zizuten ezta Paul? Zeozer nabaritu al duzu? Deitu al dizute txapelketa garrantzitsuagoren bat jokatzeko?
Oso gustora nago egindakoarekin. Bai 31 de Agosto-koarekin eta baita Euskal Herriko 4t´erdikoarekin ere. Gainera, azken hau, uste baina errazago irabazi nuen eta oso kontentu nago. Ez didate bereziki inondik deitu. Fama agian ez, baino izena zertxobait ematen dizu. Halere, izenaz gain entxufe pixka bat ere behar izaten da askotan torneo garrantzitsuetan aritzeko.

Zuetaz gain hernaniar gehiago aritu dira udako torneoetan.
Zeinen lana aipatuko zenukete?

Adibidez, Aitor Gorrotxategik Errenteriako txapela irabazi zuen binaka. Halere, gero lesionatuta egon da ia uda osoan. Ioritz Arrietak eta Aritz Otaegik Oñatiko txapelketako finalera heltzea lortu zuten, nahiz eta galdu, eta Esnalek eta Oiagak ere Zarautzen finala galdu zuten. Ez da gauza handiegirik egon.

Eta orain Gipuzkoako txapelketa. Ze asmorekin ari zarete?
Beñat: Nik geldirik egon beharko dut oraindik eta ez dut jokatuko. Paul: Gorrotxategi eta biok bigarren mailan jokatzen ari gara txapelketa eta helburua argia da: lehenengo mailara igotzea. Nahiko lan egin beharko dugu horretarako, baina helburua garbi daukagu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!