Hernani Burujaberen berri Xabier Lertxundik, Bartzelonan

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 7a, 00:00

Xabier Lertxundi, Bartzelonan.

Hernaniko alkateak egitasmoa aurkeztu du Europa mailako esperientziei buruzko jardunaldietan.

Bartzelonan aurkeztu du Hernani Burujabe egitasmoa, Xabier Ler­txundi Hernaniko alkateak, 'Politika publiko soziokomunita­ri­oen koprodukzioa Europa mai­lan' izeneko jardunaldietan, Bar­tzelonako Udalak eta Entitats Ca­talans d'Accio Social elkarteak an­tolatuta.

Mahai inguru batean har­tu zuen parte Lertxundik, Bartzelonako Hub Socialen, Europa mailan antzeko esperientziak dituzten beste eragile batzuekin: Claire Bynner Edinburgoko Unibertsitateko irakaslea; eta Marie France, Antona Bonnefaci gizarte zentroko eta Lyongo bizilagun eta merkatariak batzen dituen Place du Pont elkarteko presidentea.

Claire Bynnerrek Eskoziako demokrazia parte hartzaileko adibideak azaldu zituen, eta Marie Francek Lyonen aurrera eramaten ari diren esperientzia partehartzailearen nondik norakoak eman zituen aditzera.

Xabier Lertxundik, bere aldetik, Hernani Burujaberen esperientzia aletu zuen bertaratutakoen aurrean. Zehazki, azaldu zuen nola ari diren «herritarren oinarrizko beharrei erantzuten dieten politiken inguruko planifikazioak elkarrekin diseinatzen, udal, herritar eta eragile ekonomikoen artean. Kooperazioa da lan tresna. Helburua, azken finean, horizontaltasuna sortzea da, herritarren benetako inplikazioa eta administrazioarekin harremanetan jartzeko beste modu demokratikoago bat sortzea. Egun dauzkagun erronkei aurre egiteko beharrezkoak dira eragileekin batera sortuko diren planak diseinatzea eta horretan ari da Hernani Burujabe».

Hernaniko Udaletik aditzera eman dutenez, Bartzelonako Udalak ECASi eskatu dio azter dezan Europa mailan koprodukzioko zein egitasmo dauden. «ECASeko Itziar Gonzalezek Hernanin izan zenean Hernani Burujabe ezagutu zuen, eta oso interesgarria iruditu zitzaion, besteak beste, Hernaniko Udala bera izan zelako herritarrei partehartze eta erabakiak hartzeko modu berri bat ireki ziena». Hori nabarmendu zuen Itziar Gonzalezek berak, joan den asteko jardunaldietan eskainitako hitzaldian, Eskoziako eta Frantziako beste bi esperientziak, eremu publiko eta herritarraren arteko harremana gauzatu arren, herritarren ekimenez sortu direlako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!